Erraustegiaren inguruko GuraSOSen auzibide eta eskakizunak martxan hemen eta Europan

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 24a, 12:18

Hondakinen kudeaketarekin dugun gatazkaren testuinguruan, Zubietan eraikitzen ari diren erraustegiaren harira, Euskal Herrian nahiz Europan martxan diren auzibide eta eskakizunen bideak agortuak daudela dioten Foru Aldundiaren adierazpenak gezurtatu ditu GuraSOSek ohar bidez. Oraindik orain zabalik segitzen dutela gogorarazi dute. Horren adibide gisa aipatu dute, berriki, Euskadiko Auzitegi Nagusiak GuraSOSek aurkeztua zuen helegitea artxibatzea eskatzeko Foru Aldundiak eginiko eskaera alboratu izana.

Auzitegiak ebatzitakoaren arabera, ingurumen baimen bateratuari “GuraSOSek helegitea aurkezteko legitimazioa du”, bere interes legitimoak kaltetuak direla argudiatuta. Ondorioz, “interes falta argudiatuz, Foru Aldundiak auzibide hau artxibatua izateko zuen asmoa bertan behera geratu da”.

Ondorioz, auzitegia GuraSOSek Ingurumen Baimen Bateratua nulu deklaratua izateko aurkezturiko demandaren aurrean zerbait esan beharko du, baita CSIC-eko bi zientzialariek eginiko proba perizialaren aurrean ere. GuraSOSek gogorarazi duenez, proba horretan adierazten denez, “erraustegia martxan jarriko balitz, minbizia, mutagenoak eragin edo giza ugalketa kaltetzen duten 12 substantzia kontrolik eta mugarik gabe isuriko lituzke”.

Europako bidea jorratzen

Europak ere jarrera bera agertu du, ez ditu GuraSOSek aurkezturiko eskabideak alboratu. Europako Batzordeak erraustegiaren proiektuaren aspektu ezberdinei lotutako erakunde honen adierazpenaren eskaera tramitera onartu duela ohartarazi du guraso taldeak. Gogoan izan bestalde, Europako Batzordeak GuraSOSek eginiko ikerketa eskaera tramitera onartu zuen iazko ekainean.

Orain, Europako Parlamentuak gai honi buruz mintzatzeko GuraSOSen eskaera onartu du. Aipatu erakundeak dioenez, GuraSOSek eginiko eskaera tramitera onartua izateko baldintzak betetzen ditu eta Europako Batzordeari arazo honi buruzko alderdi ezberdinen gaineko aurreikerketa bat egitea eskatzen dio. Eskaera honen berri jakinaraziko zaie baita, Ingurumen, Osasun Publiko eta Elikagai Segurtasunerako Europako Batzordeei ere.

Irudiak: artxibokoak.