Zubietako erraustegia

Errausketaren Aurkako Mugimenduaren bilkura berezia larunbatean Zubietan

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 24a, 12:35

 

 

Argiak berri eman duenez, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak bilkura berezia deitu du larunbaterako (urtarrilak 26) 10:00etan Zubietan. Hiru urteotan eginiko lanketaren balantzea egin, mugimenduak egun bizi duen egoera aztertu eta 2019rako lan ildoak finkatu nahi dituzte. Hitzordura, hileroko bileretan nahiz antolaturiko ekintzetan parte hartu duten militante guztiei bertaratzeko deia egiten zaie, "elkarrekin gogoeta orokor bat egiteko". 

 

Argiak Errausketaren Aurkako Mugimenduaren iturria aipatuz adierazi duenez, mugimenduaren beraren "printzipioak ("Errausketarik ez, ez hemen eta ez inon") eta mugimendu sozialaren autonomia berretsi nahi dituzte".

 

Hiru urteotako lorpenen eta huts egiteen errepasoa egingo dute. Alderdi positiboen artean aipatzen dutenez, gaikako bilketan Gipuzkoan emandako aurrerapausoak, "errausketaren aurkako argudioak fintzen eta Gipuzkoako herritarren artean zabaltzen egindako lana eta hiru urteotan EAMeko kideek barne jardueran bezala hainbat ekintzarekin lortutako dinamika" daude.

 

Alderdi ezkorren artean, bat nagusia eta nabarmena; Zubietako erraustegia gelditzea ez dela lortu eta eraikitze lanak azken txanpan direla. Urte berri honetarako hiru lan ildo landu nahi dituzte, Argiaren arabera: "gaikako bilketaren Gipuzkoako argazki zehatza, komunikazioa eta mobilizazioak".