Urteak daramatzate Argia Sariak Usurbilgo Atxega Jauregian banatzen. Aurtengo 30. edizioa ordea berezia izango dela iragarri dute; 100 urte bete baititu Argia Aldizkariak. Urtero legez, urtarrila amaierarekin batera egin ohi dute sari banaketa ekitaldia; oraingoan, ostiral honetan (urtarrilak 25), Atxega Jauregian antolatu duten bazkariaren ostean, 16:00etan. Sari banaketa ekitaldia, streaming bidez jarraitu ahalko da argia.eus atariaren bidez.
Ohi bezala, euskarazko komunikazioa sarituko dute, ikus-entzunezkoen, irratiaren, prentsa idatziaren, Interneten eta sustapen-ekintzen alorretan. Hauekin batera, "euskal kulturan nabarmendutako pertsona, ekimen edo taldea ere saritzen da sarri".
ARGIA-tik berri eman dutenez, erredakzioak erabakitzen ditu sariak nori eman, "baina jende ugari ibiltzen da hautagaien bueltan, bai ARGIAko gainerako kideak eta kolaboratzailek, baita herritarrak ere. Deia egiten zaie eta hauek sare sozialen bidez erantzuten dute bereziki".
2018ko SARITUAK
Prentsa idatzia: “Harmaila” kirol aldizkari berria, Eñaut Barandiaran, Aitor Manterola eta Iñaki Berastegi.
Ikus-entzunezko saria: Uxue Alberdi eta Aitzol Barandiaran, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiari ETB-k eginiko jarraipena.
Irratia: Jokin Aldazabal, Euskadi Irratiko “Ekosfera” saioa.
Internet: Gabi de la Maza, Youtubeko “Txantxangorria” kanaleko arduraduna.
Sustapen ekintza: Iruñeko Udala, “Eraso sexistarik gabe, Iruñea aske” ekimenaren komunikazio estrategia.
Merezimenduzko bi sari: Pirritx, Porrotx eta Marimotots; Bakearen Artisauak.
Argazkiaren egilea: ARGIA.