"Xuak 2 urte" elkarretaratze berezia 20:00etan Mikel Laboa plazan

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 25a, 06:47

Bi urte bete zituen Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoen alaba Xuak larunbatean (urtarrilak 19). Gurasoek espetxe zigorraren hiru laurdenak beteak izan eta baldintzapean aske, Usurbilen behar luketen arren, gugandik ia 600 kilometrora segitzen dute hirurek, Valentziako Picassent espetxean.

Iaz egin bezala, aurten ere ez da oharkabean igaroko Xuaren urtebetetzea. Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak hilero azken ostiraletan deitu ohi duen urtarrileko elkarretaratzea berezia izango da oraingoan. "Zerbait berezia egingo dugu (iazkoaren antzera), halako ospakizuntxo bat zoriontzeko, elkartasuna adierazteko, eta lege arrunta aplikatuz, bere gurasoekin Usurbilen, etxean, beharko lukeela adierazteko", Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik NOAUA!ri adierazi diotenez.

Elkarretaratze bereziaren hitzordua, ostiralean (urtarrilak 25) 20:00etan Mikel Laboa plazan.

Bi urte bete ditu Xuak espetxean, Usurbildik ia 600 kilometrora

Etxetik urrun, indarrean segitzen duen salbuespenezko espetxe politiken eraginez, bigarren urtebetetze eguna ere espetxean bete behar izan du Xuak, Usurbildik ia 600 kilometrora, Valentziako Picassenteko kartzelan dituen Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga gurasoekin. Espetxe zigorraren hiru laurdenak beteak dituztenez dagoeneko baldintzapean aske, kalean behar zuten hirurek, Usurbilen.

Bestelakoa da ordea errealitatea. Aipatu moduan, Picassenten segitzen dute. Aldaketarik ez bada, urtebete barru, 2020ko urtarrilean, Xuak hiru urte betetzean Picassenteko espetxetik atera eta gurasoengandik urrundu beharko du. Amona Mari Karmen Anzarekin bizitzera etorriko da, Mari Karmenek berak, adinekoak eta dispertsioa hizpide izan zituen abenduaren 20ko Sutegiko solasaldian aipatu zuenez. “Ardura baino poz askoz handiagoa izango da”, zioen Mari Karmenek Sutegin.

Dispertsioak, presoen eta haien senide adindu zein gaixoen artean duen eragina aztertu zen ekitaldian. Anzak gai honek zer modutan eragiten dien azaldu zuen. Berak bisitatu ahal du egun biloba Xua, baina bere amak ordea ez. Olatzen amonak 92 urte ditu, “duela 6 urte biloba ikusten ez duela”. Birbiloba ikusteko irrikitan dago. Patxik ere amona bizirik du, baina “atxilotu zutenetik ez du ikusi”. Senideok, Olatz, Patxi eta Xua ikusi nahian dira, baina ezin. Ez daude Valentziako Picassentera eta handik buelta egiteko, 1.200 kilometroko bidaia egiteko osasun baldintza egokietan.

Dispertsioaren sufrimendua

Duela urtebete gogorarazten genuenez, Xuaren lehen urtebetetzea oso berezia izan zen. Bazuten zer ospatua. Hasteko Xuaren urtebetetzea noski, baina baita onik zirela denak.

2017ko urtarrilean, beste hainbatetan egin zuen 600 kilometroko bidaia egin behar izan zuen Mari Karmenek jaio berri zen Xua biloba ezagutzeko. Hara iritsi ordea, ondoezik sentitu eta hilabetetik gora egin behar izan zuen Valentziako ospitaleko ZIU-n. 

Xua jaio zen egunetan gainera, bere aitak, Patxi Urangak aitona galdu zuen. Hori gutxi ez eta, baimena eskatua izan arren, 21 egun itxaron behar izan zituen haurra ezagutu ahal izateko. Xua jaio aurretik, Patxi eta Olatz Alacanteko espetxean ziren. Haurdunaldiaren azken txanpan ordea, Olatz Valentziako Picassent espetxera lekuz aldatu zuten. Haurra jaio ostean, hiru aste itxaron behar izan zuen Patxik, bera ere Picassentera lekuz aldatu eta haurra ezagutu ahal izateko.

Hasiera batean gainera ez zegoen ziurtasunik Patxi Urangak Picassenten jarraituko ote zuen edo ez. Azkenean bai, Xua, Olatz eta hirurak espetxe berean daude, baina ez batera. Xua Olatzen ziega berean bizi da. Patxik ordea baimentzen diotenean soilik ikus dezake.

"Xua Usurbildik 600 km-ra ez balego, gure artean izango zen"

Elkarretaratze berezi eta jendetsua egin zuten 2018ko urtarrileko azken ostiralean, Xua, Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoen haurraren lehen urtebetetzea zela eta. Hilaren 19an urtea bete baitzuen Xuak gugandik 600 kilometrora, gurasoekin partekatzen duen Valentziako Picassent espetxean. 

Elkartasun eta maitasun osoz zoriondu zuten usurbildarrek, gozogile sare solidarioen tarten kandelak itzaliz, "Zorionak zuri" abestuz eta bihotzez beteriko talde argazkian. "Ozen zorionduko dugu hemendik, gure berotasuna Picassenteko ziegara helarazteko", adierazi zuten Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik.

Gogoan izan zuten, salbuespen neurrien ondorioz sorterritik urrun dagoela Xua, gurasoak bezala. "Usurbildik 600 km-ra ez balego, gure artean izango zen, hemen, bere amona Mari Karmenekin. Tamalez ez da horrela", gogorarazi dute. 

Xua, Olatz eta Patxiren etxeratzea eskatu zuten kantuan

Xua, Olatz eta Patxiren etxeratzea eskatzeko hamaika ekimen egin da urteotan. Azkena, Mari Domingi bidelagun zutela kalez kale kantuan aritu ziren euskal presoen eskubideen alde, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituta, abenduaren 24n ospatu zen kantu-jira berezian. Hitzorduan zehar, Usurbildik 600 kilometrora, Valentziako Picassent espetxean segitzen duten Xua, Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangaren etxeratzea eskatu zuten beste urte batez.