Egun tristeak bizi ditu Usurbilgo gaztaingileen talde solidarioak eta lagun koadrilak. Astebeteko tartean bigarren kidea galdu dute. Orain astebete Xabier Iribar Amigorena zendu zen (goiko argazkian, eskuinetik hasita bigarren kidea). Ostiral goiz honetan berriz Raimundo Lizarreta Gorriti (goiko argazkian eskuin aldera dagoen kidea).
Usurbilgo beilatokian azken agurra emateko aukera izango da Raimundori ostiral arratsalde honetan 17:00-20:00 artean eta larunbat goizez, 10:00-12:00 artean. Larunbat arratsaldeko 19:00etan izango da bere aldeko hileta elizkizuna, Salbatore Deunaren eliz parrokian.
“Agur Xabi, maitagarria izan haiz”
Aste honetako aldizkarian Xabier Iribar Amigorenaren heriotzaren berri eman dizuegu. Ez zuen aurkezpen handirik behar. Nork ez zuen ezagutzen herrian, Xabier Iribar Amigorena. Koadrilak eta etxekoak jarri dizkioten eskeletan argi definitu zuten. “Agur Xabi. Maitagarria izan haiz”. Ilobek eskaini ziotenean, oso berea zuen deiadarrari keinua eginez, “gure bihotzak inoiz lehor ez daitezen, aua ya!”, hitzokin oroitu zuten osaba.
Iazko jaietan herriak omendu ostean iritsi da bere heriotzaren albistea. Usurbilgo 2018ko festetan, Xabi Iribarrek, Raimundo Lizarretak eta bere gaztaingile taldekoek, koadrilakoek izan zuten Santixabelak abiatzeko ohorea. Iribarrek berak piztu zuen Usurbil jai giroan lehertuko zuen suziria. Halako txupinazo baten beharrik ez zen izan ordea, Xabik girotu zuen herria oso berea zuen deiadar ezagun eta umorearekin, "beno usurbildarrok buila pixka bat aterako al dugu?... Goitik goitik Usurbil! Gora Santixabelak! Ondo pasa Santixabelak!" esanez. Txalo artean hartu zuen noski, herriak.
Talde solidarioa
Xabi, Raimundo eta bere koadrila auzolanean ikusi ohi dugu sarritan, herrian antolatu izan diren hamaika ekitaldietan. Haiek ditugu presoen senideentzako nahiz beste hainbat elkartasun ekimenentzat gaztainak errez eta salduz, dirua biltzen aritu den talde solidarioa. Azkenekoz, plazan abenduaren 24ko Olentzeroren ikuskizunean parte hartu zuten. Besteak beste, NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko San Tomas Azokan izan ohi ditugu urtero fin asko, goizean goizetik lanean gogor. Urtarrilaren 18an kide maitatua galdu lagun taldeak, eta baita herriak ere.
Aipatzekoa urte luzez, Iribarrek Usurbil Kirol Elkartearekin izan zuen lotura, garai bateko senior mutilen taldeetako bat animatuz eta lagunduz, besteak beste.
Adiorik ez Xabi! Besarkada handi bat senide eta lagunei. Astelehenean eman zitzaion azken agurra Iribarri.
Hurbilago: "Esker oneko deiadar bat egiten dugu zure omenez, Xabier"
Ostiralean zendu zen Xabier Iribar Amigorena eskertu eta omendu nahi izan du Hurbilago, Usurbilgo ostalarien eta merkatarien elkarteak. NOAUA!ra helarazitako mezuan aipatu dutenez, "herri ekimenean, elkartasun ekintzetan parte hartzen eta gure herria girotzen oroituko zaitugu beti. Esker oneko deiadar bat egiten dugu zure omenez, Xabier".