Azken egunotan iragarria zuen GuraSOSek sare sozialen bidez; otsailaren 23a agendan ondo gorde beharreko data genuela. Larunbat honetan (urtarrilak 26) 11:45ean Donostiako Paseo Berrian (Aquarium gainean), Oteizaren eskultura parean agerraldia iragarri du GuraSOSek. Sare sozialen bidez aurreratu duenez, otsailaren 23an "Adostasunari esan baietz!" aldarria izango duen manifestazioari buruzko xehetasunak eskainiko dituzte.
"Bihar URTARRILAk 26 larunbata, 11:45ean, DONOSTIAn Paseo Berriko Oteizaren eskultura aurrean (Aquarium gainean) AGERRALDI JENDETSU baterako deia. OTSAILAren 23rako ADOSTASUNARI Esan baietz! manifestazioa iragartzera goaz.
GERTURATU TA ZABALDU!! BERTAN IKUSIKO GARA!", hortxe GuraSOSen gonbita.
Urtarrila hasieran, Hitzartu plana foru agintarien esku uzteko Donostiako Gipuzkoa plazan eginiko ekitaldian iragarri zuten manifestazioaren gaineko xehetasunak eskainiko ditu beraz, kanpaina bat aurkeztearekin batera.
Hitzartu plana aurkeztu eta entregatu ostean
Urtebetez Hitzartu prozesuaren baitan, gipuzkoarrek auzolanean landu duten 2019-30 urte arterako Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Plana foru agintarien esku uzteko, Diputazioaren egoitza atarian, Donostiako Gipuzkoa plazan, urtarrilaren 4an egindako ekitaldiaren amaieran iragarri zuen GuraSOSek. "Une honetatik luzatzen dugu otsaila bukaeran GuraSOSek bultzatuta egingo den manifestaziora", adierazi zien GuraSOS-eko lehendakari Joxe Mari Izetak bertaraturikoei.
Aldaketarik ez bada, GuraSOSek otsaila amaierarako antolaturiko manifestazioa Antiguako tuneletik abiatuko da hiriburuan barrena. "Antiguako tuneletik aterata, herritarrok esango diegu une honetan agintean daudenei nola nahi ditugun gauzak; hitz eginda, elkarrizketaren bidetik eta akordioak lortuz, baina beti ere gizartea eta herritarrak kontuan hartuta".
Manifestazioan urtarrilaren 4an foru agintarien esku utzitako Hitzartu planari babesa emateko aukera izango da. Baita Gipuzkoan hiri hondakinekin dugun gatazka adostasunez eta herritarrak aintzakotzat hartuta konpontzea eskatuko da.
Prestaketa lanei ekiteko gonbita luzatua du GuraSOSek. "Hemendik otsaila amaierara arte manifa handi bat elkarrekin prestatzen hasi gaitezen".
GuraSOSen Hitzartu planak Hernaniko Oronatik Foru Aldundira eginiko bidea iruditan
Azken urtebetean, Gipuzkoako herritar, eragile eta aditu anitzek herrialde mailan hondakinekin dugun gatazka, elkarrizketaren bidetik, adostasunez konpontzeko bide-orria diseinatu dute; 2019-30 urte arterako Gipuzkoako Udal Hondakinen Kudeaketa Plan Alternatiboa, GuraSOS-ek abian jarritako Hitzartu parte hartze prozesuaren baitan.
Hitzartu plana ibiltaria izan da bere sortze prozesuan; hamaika dinamika bideratu dituzte Gipuzkoan barrena; gune ireki, parte hartze tailer eta bestelako ekimenekin. Prozesu ibiltari horretan, bi urrats garrantzitsu eman ditu asteotan: abenduaren 29an jendaurrean aurkeztu zuen GuraSOSek urtebetez eginiko lan itzelaren emaitza, eta haurren desfile batekin Gipuzkoako Foru Aldundian erregistratzera eraman zuten Hitzartu plana urtarrilaren 4an. Joan den ostiralean Gipuzkoa plazan egin zuten ekitaldiaren amaieran, Foru Aldundian erregistratu eta foru agintarien esku utzi zuten, erraustegia alboratu, eta Aldundiak gipuzkoarrei ukatutako hitza kontuan izanda, Europako zuzentarauak errespetatuz landu den Hitzartu plana.
Iruditan duzue segidan, Hitzartu planak eginiko bidaia luzearen asteotako azken metroak; Hernaniko Oronako abenduaren 29ko aurkezpenetik, urtarrilaren 4an Foru Aldundian erregistratua izan zen arteko bidaia iruditan. Baita, bi hitzorduon gainean argitaratu genituen albisteen estekak ere:
LOTUTAKO ALBISTEAK
Hitzartu planaren erregistroa
GuraSOSen Hitzartu plana, foru agintarien esku
Haurrak foru agintariei: "Ez dugu ulertzen nolatan ez zareten etorri gaurko hitzordura"
Haurren desfileak eraman du, hondakinekin dugun gatazkaren konponbidea Foru Aldundiraino
Otsaila amaierarako manifestazioa deitu du GuraSOSek Donostian
Hitzartu planaren aurkezpena
"Gordailu inertizatuak", Gipuzkoako hiri hondakinak kudeatzeko GuraSOS-en plan alternatiboa
IRUDITAN
Argazkitegia: GuraSOSen Hitzartu planaren aurkezpena eta erregistroa
2019/01/04 HITZARTU PLANAREN ERREGISTROA
https://youtu.be/tRCID3Y3h88
https://youtu.be/shIpcvOJ84E
https://youtu.be/5gw-HFQ3A1I
https://youtu.be/duvuqfi5M7Q
<strong>2018/12/29 HITZARTU PLANAREN AURKEZPENA</strong>
https://youtu.be/YoKubD5zWu0
https://youtu.be/S1HRlTmFpOM
https://youtu.be/O8b0v93cVPU