Asteazken eta ostegun partean euriteengatik alerta laranjan egon ostean, oraingoan alerta maila baxuagoa iragarri dute egunotarako. Hasteko, abisu horia haizeagatik, igande goizaldeko 6:00etatik gaueko 21:00etara. "Mendebaldeko/ipar-mendebaldeko haize-boladek haizeguneetan 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete. Haizeguneak ez diren lekuetan haize-boladak 60-80 km/h ingurukoak izan daitezke", ohartarazi du Euskalmet metereologia agentziak.
Eta gero, igande gauerditik eta 24 orduko tartean gutxienik bestalde, abisu horia prezipitazio iraunkorragatik. "EAE-ko zenbait tokitan 24 orduan 60 l/m² baino gehiago pila daitezke. Gipuzkoan 40-60 l/m² pila daitezke, bereziki ekialdean; bertan 60-80 l/m² pila daitezke. Egunaren lehen partean prezipitazio ertaina eta iraunkorra egingo du, ugariagoa kantauri isurialdean eta ekialdean; egunaren bigarren partean prezipitazio txiki-ertaina egingo du, ugariagoa ekialdean eta arratsaldean", iragarri du Euskalmet-ek.
Azken egunotako euri jasen harira bestalde, maila horia igaro eta ia laranjara heltzear egon ostean, maila berdean da berriz Oria. Ondoko grafikoan ikus dezakezuenez, nabarmen jaitsi dira errioko urak:
EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Urtarrrilak 26, larunbata
"Gaur euriak atseden pixka bat emango ditu. Goizeko lehen orduetan oraindik ere euri pixka bat egin dezake ipar partean, batez ere ekialdean, baina gainerako orduetan ateri egongo da. Hodeiak, gainera, gutxituz joango dira eta egunaren erdiko orduetan zeruan hodeiak eta urdinguneak tartekatuko dira. Egoera horrekin, tenperatura maximoak pare bat gradu igoko dira".
Urtarrilak 27, igandea
"Igandean fronte berri bat iritsiko da eta giro nahasiagoa izango dugu berriro. Goizaldean nabarituko ditugu lehen aldaketak, haizea zakartuz joango baita. Frontea goizeko lehen orduetan iritsiko da eta euritara joko du denean. Kantauri isurialdean prezipitazioa ugariagoa izango da eta tarteka zaparrada mardulak botako ditu, bereziki ekialdean. Euriarekin batera, haizea izango da eguneko protagonista. Oso indartsu ibiliko da giroa ezatseginagoa egingo du. Elur-kotak behera egingo du eta arratsalde-gau partean 700-800 m inguruan egongo da".
Urtarrilak 28, astelehena
"Astelehenean prezipitazioekin jarraituko dugu. Zerua estalita egongo da eta bustitik jarraituko dugu. Elur-maila 700-800 m inguruan egongo da goizaldean, baina ondoren igotzen joango da. Tenperaturan aldaketa handirik ez da izango. Haizeari dagokionez, ipar-mendebaldetik joko du eta oraindik ere indartsu ibiliko da, baina igandean baino gutxiago".
Informazio eguneratua, hemen: euskalmet.eus