Haurrek maitasun osoz sortutako marrazki zein mezu politekin, Xomorrok botatako bertsoarekin, tartagileek eginiko tarta gozoen bueltan "Zorionak zuri" abestuz eta piztutako kandelak idatziz ospatu dute bart, Xuaren Usurbilgo lagunek ostiral iluntze honetan frontoian, Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoen alabak urtarrilaren 19an bete zuen bigarren urtemuga. Bigarren urtebetetzea ere espetxean dela bizi behar izan du, oraindik indarrean segitzen duen salbuespenezko espetxe politikaren eraginez, gugandik 600 kilometrora, Valentziako Picassenteko espetxean. "Xuari gure zorionak helarazi nahi dizkiogu bere bigarren urtean, joan den larunbatean bete baitzuen", Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik, ostiral iluntzean frontoian egindako elkarretaratze berezian gogorarazi zutenez.
Urtebete barru, 2020ko urtarrilaren 19an 3 urte betetzean, aldaketarik ez bada, Xuak Picassenteko espetxea utzi eta gurasoengandik urrundu beharko du. Usurbilen biziko da bere amona eta Olatzen ama Mari Karmen Anzarekin. "Ia 3. urtebetetzea hemen, bere gurasoekin, ospatzeko moduan den. Hori izango litzateke oparirik onena beraientzat eta guretzat ere bai", adierazi zuten frontoian egindako mobilizazio berezian. Bai hitzez, baita mezu bera biltzen zuten globoen bidez ere.
Pasa den eguberrietan Xua Usurbilen izan zen. Laster bueltan izango da berriz, urtebete barru biziko duen errealitate berrira moldatzen joan dadin. "Gabonetan izan genuen lehen aldiz gure artean eta batzuek ezagutzeko aukera izan zenuten. Laster ekarriko dute berriro herrira, bere herrira, pixkanaka ezagutzen eta egokitzen joan dadin", iragarri zuen Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak.
Usurbilen behar zuten
Xuak, Olatzek eta Patxik jada Usurbilen behar zuten, "bere etxean beharko lukete aspaldi". Patxik eta Olatzek espetxe zigorraren hiru laurdenak beteak dituzte eta ohiko legedia aplikatuta, baldintzapean aske behar lukete, Xuarekin batera Usurbilen. Baina bistan denez, bestelakoa da errealitatea.
"Dakizuen bezala, Picassenteko espetxean daude hirurak, Usurbildik 600 kilometrotara. Euskal preso gehienak bezala, urrunduak horrek, beraiei ez ezik, beren familiei eragiten dieten kalte guztiarekin", ohartarazi zuen ostiraleko mobilizazio berezian, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak.
Xua, Patxi, Olatz etxeratzeko borrokan segi beharko dela azpimarratu zuten. "Espetxe politikan azken hilabeteetan entzuten eta erdi agintzen ari diren aldaketak, ordea, ez dira gauzatzen. Horregatik segitu beharko dugu borrokatzen".
Xabi eta Raimundo gogoan
Xuaren bigarren urtebetetzea ospatzeko mobilizazio berezia, astebeteko tartean zendu diren Usurbilgo gaztaingile talde solidarioko bi kideak-Xabier Iribar Amigorena eta Raimundo Lizarreta Gorriti-oroitzeko baliatu zuen Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak. Urte luzez gaztainak erre eta salduz, taldeak preso usurbildarren eta senideak laguntzeko erakutsitako elkartasuna eskertzeko.
"Bilkura hau aprobetxatu nahi dugu gure besarkadarik goxoena bidaltzeko Xabi eta Raimundoren senide eta lagunei. Izan ere, urteetan bere lagun taldearekin preso usurbildarren eta beren familiei erakutsitako elkartasuna ez dugu, ez, ahaztuko. Milesker bihotz bihotzez zuen laguntasunarengatik".
Gaztaingile taldeaz gain, modu batera edo bestera euskal presoen eskubideen aldarriari ekarpena egin dioten guztiak eskertu nahi izan zituzten. "Herriko hainbat talde eta pertsonek, izan gaztainak erretzen, taloak egiten, tartak egiten, musika jotzen, abesten, bidaietara laguntzen, sostengu ekonomikoa ekartzen, edota orain bezala mobilizazioetan parte hartzen egiten diguten ekarpena aitortu ez ezik goraipatu ere egin nahi dugu. Eskerrik asko guztioi!".