Abesten kaleratuz abiatu du hamargarren urtemuga, Usurbilgo Kantu Taldeak

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 26a, 14:46

Urte berezia abiatu berri du Usurbilgo Kantu Taldeak, Usurbilek kantuzaleen bilgunea sortu zueneko 10. urtemuga ospatuko baitu. Martxorako hitzordu berezia ari dira prestatzen. Aurretik, hileroko ohiturari segida emango diote. Gaur bezala. Azken larunbatetan egin ohi duten moduan, euskal kantuekin blaitu gaituzte eguerdiko poteo orduan.

Eguzkitza auzuneko plazan aurkitu ditugu Kantu Taldekoak. Ondoko irudietan bildu ditugu, 10 urteotan egin duten moduan, ondoen dakitena egiten, abesten. Jaione Eskuderok zuzenduriko taldea, gogoan izan, astelehenero biltzen da entseguetarako. Gaurko saioaren ostean, deialdi berezi gehiago badituzte hurrengo asteotarako:

KANTU TALDEAREN DEIALDIAK

Astelehenero

18:00-19:00 Ikastaroko entsegu saioak Agerialdeko musika gelan.

Otsailak 4, astelehena

18:00 Kantu Taldeak Gure Pakea Elkartearen Jubilatu Astearen baitan abestuko du Artzabalgo ekitaldi aretoan, herriko txistulariekin batera.

Ondoren, Kantu Taldea, txistulari taldea eta Gure Pakea Elkartekoak eta animatzen den herritar oro, kalez kale kantuan arituko dira.

Otsailak 23, larunbata

12:30-14:00 Hileroko kantu-jira, Mikel Laboa plazatik abiatuta.

Martxoak 30, larunbata

Kantu Taldearen 10. urtemuga festa.

Antolatzailea: Usurbilgo Kantu Taldea.