Txirikorda, belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa definitzen hasi dira

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 29a, 13:33

Gazteak eta adinekoak elkarlanean jarri dituen prozesu parte hartzailea abiatu zuten urtarrilaren 26an Potxoenean. Astebete lehenago aurkeztu eta etorkizunean Ugartondoko garapen urbanistiko berrian kokatuko den Txirikorda, belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa definitzen hasi ziren joan den larunbatean, egitasmo honek zuzenean inplikarazi dituen bi kolektiboak; aipatu moduan, gazteak eta adinduak.

Udalaren jabegoko 16 bat apartamentu izango ditu alokairura bideratuko den eraikinak, emantzipatzeko zailtasunak dituzten gazteei eta autonomoak diren adinekoei zuzenduak. Etxebizitzaren izaera orokorra definitzen aritu ziren urtarrilaren 26ko saioan. Bigarren saioa larunbat honetan (otsailak 2), 10:30-12:30 artean Potxoenean. “Biztanleak eta sarrera baldintzak” izango dituzte hizpide. Guztira bost saio aurreikusi dituzte. Gaikako saio bakoitzean, dinamika ezberdinen bidez, herritarrek ekarpenak egin eta erabakiak hartzen joango dira. Erabakiok gero udal talde eta teknikariekin berretsiko dituzte.

Apirilaren 6ra arte luzatuko den prozesu honetan bidelagun izango dituzte etxebizitza komunitario honetako erabiltzaile potentzialek, egitasmo honen sustatzaile den Usurbilgo Udala, eta prozesua dinamizatuko duen Hiritik At Kooperatibakoak. “Ilusioarekin hasi dugu txirikordatzen prozesua”, adierazi du kooperatibak sare sozialen bidez. Udala ere alkatearen esanetan poz-pozik. Abian den prozesuaren garrantzia nabarmendu zien Xabier Arregi alkateak lehen parte hartze saiora hurbildutako herritarrei. “Oso garrantzitsua da hemen definitzera goazena ondo finkatzea. Etorkizunari begira bide bat ireki dezakegu”.

https://youtu.be/dwFiHzCFk7c

Proiektuaren gakoak

Nori zuzendua: emantzipazio fasean egon eta etxebizitza alokatu edo erosi ezin duten gazteak. Dependentzia egoeran ez diren, autonomoak diren adinekoak.

Etxebizitzaren kokagunea: Ugartondon eraikiko diren etxebizitzen eremuan, Udalak duen lursailean.

Etxebizitza kopurua: aurreikuspenen arabera, 16 bat.

Etxebizitzaren izara: erabiltzaileen beharretara egokituriko etxebizitzak pribatuak izango diren arren, eraikina publiko eta komunitarioa izango da, behar kolektiboei eta belaunaldi arteko elkarbizitza sustatuko duten espazio komunak izango ditu.

Etxebizitzaren jabetza: Usurbilgo Udalarena.

Prozesu parte hartzailearen egutegia

Egunak:larunbat goizak.

Ordutegia:10:30-12:30.

Tokia:Potxoenea.

Noiz zer gai landuko diren:

-Urtarrilak 26: "Etxebizitzaren izaera orokorra".

-Otsailak 2: "Erabiltzaileak eta sarrera baldintzak".

-Otsailak 16: "Espazioaren diseinua".

-Martxoak 23: "Bizikidetza".

-Apirilak 6: "Funtzionamendua".

Egitasmoaren sustatzailea: Usurbilgo Udala, herriko gazte eta adinduen kolektiboekin batera.

Parte hartze prozesuaren bideratzailea: Hiritik At! Kooperatiba.