Haizea, euria, hotza... Igande goiza eta giro hau izateko, gehienek etxean egoteko egun aproposa izango dute. Baina giro hau da hain zuzen beste askok nahiago izaten dutena kalera irten eta duten zaletasunaz gozatzeko. Horregatik, egun eta ordu ezin egokiagoan heldu da igande goiz honetako negu giroa. Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probarako izena emanda zeuden ehunka kirolarik, euria, haizea eta hotza zuten bidelagun, 8:30ak jota, abiapuntuan, Mikel Laboa plazan elkatzen hasi direnean. Egoki prestatuta heldu dira, gustuko duten negu giroaz gozatzera.
Ostiralera arte, ia 600 lagunek emana zuten izena. Igande goiz honetan islatu da izen emate kanpainak izan duen arrakastaren islada. Urtarrileko igande goiza izateko, ezohiko itxura zuen frontoi atzealdeak, 2019ko edizioa hasi aurretik bildu ditugun ondoko irudietan ikus dezakezuenez.