Negu giro betean segiko dugu aste hasiera honetan ere. Abisu hori bikoitza dago indarrean; euriagatik bat, haizeagatik bestea. Gauerdira arte prezipitazio iraunkorragatik abisu horian izango gara. "EAE-ko zenbait tokitan 24 orduan 60 l/m² baino gehiago pila daitezke. Gipuzkoan 40-60 l/m² pila daitezke, bereziki ekialdean; bertan 60 l/m² baino gehiago pila daitezke. Prezipitazio ertaina eta iraunkorra egingo du, oso ugaria kantauri isurialdean, bereziki ekialdean; gauean prezipitazio txiki-ertaina egingo du, ugariagoa ekialdean", Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez.
Abisu horian izango gara baita haizeagatik, astelehen arratsaldeko 18:00ak arte. "Mendebaldeko/ipar-mendebaldeko haize-boladek haizeguneetan 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete. Haizeguneak ez diren lekuetan haize-boladak 60-80 km/h ingurukoak izan daitezke", dio Euskalmet-en iragarpenak.
Asteartean berriz jarriko dute indarrean abisu horia haizeagatik, 15:00-00:00 artean, iragarpen berarekin.
EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Urtarrilak 28, astelehena
"Euriarekin eta haize zakarrarekin ez da giro izango. Ipar partean euria ia etengabe egin dezake, batez ere Gipuzkoa ekialdean eta Nafarroa ipar partean; hegoaldean berriz, zaparradak ahulagoak eta tartekatuagoak izango dira. Goizean goiz elur-kota 900-1000 m inguruan egongo da, baina goizean bertan bizkor igoko da eta elurraren maila 1200-1400 m-ra egongo da. Ipar-mendebaldeko haizeak zakar joko du eta enbarazu egingo du bereziki goizean, baina arratsaldearen amaieran eta gauean indarra galduko du. Tenperatura maximoetan ez dugu aldaketarik espero behar".
Urtarrilak 29, asteartea
"Asteartean euri kontuekin jarraituko dugu, bereziki arratsaldean eta gauean. Goizean, hego-mendebaldeko haizea ibiliko denez, egoera lasai samarra izango da; oro har ateri eutsiko dio, ostarte batzuk zabalduko dira eta tenperatura apur bat igoko da, beroenak 10 eta 13 ºC artekoak izango dira. Arratsaldean berriz, haizeak ipar-mendebaldera egingo du eta zakartu egingo da, bereziki kostaldean. Haize aldaketarekin, fronte bat iritsiko da eta euritara joko du denean. Elur-kota jaisten joango da, 1400 metrotik egunaren amaieran 700-800 metrora egon arte".
Urtarrilak 30, asteazkena
"Euriak atseden pixka bat emango digu goizean, baina goizaldean eta egunaren bigarren partean euria egiten jarraituko du. Elur-kota goizaldean 900 m inguruan egongo da, baina egunaren bigarren partean oso bizkor igoko da 1500 m ingurura. Mendebal-osagaiko haizea ibiliko da, goizaldean ipar ukituarekin. Tenperaturan ez da aldaketarik espero".
Informazio eguneratua, hemen: euskalmet.eus