Berriz ere abisu horian gaur 15:00-00:00 artean, haizeagatik

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 29a, 08:00

Gabriel izena jarri dioten ziklogenesi leherkorra Euskal Herrira bidean da. Bere eragina batipat itsasoan nabarmenduko den arren, abisu horian izango gara astearte arratsalde eta iluntze partean, 15:00etan hasi eta gauerdira arte gutxienik. Tarte horretan, haizeguneetan, mendebalde edo ipar-mendebaldeko orduko 100-110 kilometro ordutik gorako haize boladak izan ditzakegu. Haizeguneak ez diren tokietan aldiz, orduko 80-90 kilometrotik gorako abiadurakoak. 

Haizearekin batera, euria gogotik egin dezake, Euskalmet meteorologia agentziatik iragarri dutenez:

EGUNOTARAKO IRAGARPENA

Urtarrilak 29, asteartea

"Eguerditik aurrera kaskartzera egingo du eguraldiak. Goizean, hego ukituko haizeari esker, giro lasai samarra izango dugu, aterrune luzeak zabalduko dira eta tenperatura 10-12 ºC-ra igoko da. Arratsaldean berriz, fronte hotz bat sartu eta euritara jo ez ezik, haizea ere asko zakartuko da. Ufada indartsuak izango ditugu eta zenbait momentutan euria gogotik egingo du; gauean zaparradak trumoitsuak izan daitezke eta baliteke txingorra egitea, bereziki kostaldetik gertu. Arratsaldean hozten joango da eta elurraren mailak behera egingo du, egunaren amaieran elur-kota 700 edo 800 metrora egongo da. Beraz, goiz lasai samar baten ostean, eguerditik aurrera giro haizetsua eta euritsua izango dugu".

Urtarrilak 30, asteazkena

"Egunaren erdiko orduetan euriak atseden txiki bat emango digu. Goizaldean elur-kota 600-800 metrora egongo da baina barnealdean prezipitazio txikia izango da; kostaldetik gertu berriz, zaparradak oraindik trumoitsuak izan daitezke eta txingorra egin dezake. Goizak aurrera egiten duen heinean haizeak hego-mendebaldera egingo duenez, eguraldiak atertzeko joera hartuko du eta elurraren maila oso azkar igoko da. Ilundu arte aterrune luzeak izango ditugu, baina gero, berriro ere, euritara joko du. Tenperaturak berdin jarraituko du edo agian apur bat beherago.

Urtarrilak 31, osteguna

"Ostegunean hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, baina bustitzen jarraituko du. Hodeiak nagusituko dira zeruan eta noizbehinka euria egingo du, sarriago barnealdean. Hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada zakar batzuekin haizeguneetan. Arratsaldean, hala ere, kostaldean tarteka ipar-mendebaldeko haizeak joko du. Tenperatura gradu pare bat igloo da".

Informazio eguneratua, hemen: euskalmet.eus