21. Korrika badator! Korrika Batzordearen lehen bilera irekia ostiralean

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 30a, 09:47

Korrika badator! 21. Korrikararako bidea jorratzen ari da Euskal Herria, herriz herri. Urratsez urrats, leloa, mezua, omendua, abestia, bideoklipa, ibilbidea, Korrika laguntzeko ekimenak... eman dituzte ezagutzera. Pauso berri bat ematen ari dira herri askotan asteotan. Baita Usurbilen ere. Apirilaren 4tik 14ra, Nafarroako Gares herritik Arabako hiriburu dugun Gasteizera ospatuko den euskararen aldeko martxa girotzeko Korrika Batzordeak osatzen ari dira. 

Usurbilen, ostiral honetarako (otsailak 1) deitu dute, herritar nahiz eragile orori zuzendua dagoen Korrika Batzordearen lehen bilera irekia, arratsaldeko 18:30etan Etumeta AEK euskaltegian. "Lehenengo batzorde honen helburua litzateke saretzea, lehen hartuemana bideratzea, lan taldetxo bat sortzea, eta Korrika sustatzeko, euskararen alde zer egin dezakegun proposatzea. Ideia zaparrada jasotzen badugu gero zer egin ikusiko da. Ahal den neurrian, euskaltegiak baliabideak jarriko ditu ekintza horiek egin ahal daitezen", adierazi digute Korrikaren Lasarte eta Usurbilgo arduradun Uxue Loinazek eta Etumeta AEK euskaltegiko irakasle Rosa Zubeldiak, aste honetako aldizkarirako eskaini diguten elkarrizketan.

Gogoan izan, 21. Korrika apirilaren 12an igaroko da gure artetik. 14:30-15:30 artean, Aginagako Mapiletik Zubietako hipodromoko zubira 11 kilometroko bidea osatuko du inguruotan.

Kilometroen erosketa

21. Korrika laguntzeko bideetako bat,  kilometroak erostea duzue. Eta trukean, abiapuntutik helmugara Euskal Herrian barrena eskuz esku ibiliko den lekuko preziatua eraman ahalko duzue. "Familian, elkartean, lagunartean... kilometroen lekukoa eraman nahi baduzue, KORRIKA bulegoekin harremanetan jarri, kilometro zehatza hartzeko eta diru ekarpena egiteko. Kilometroak erreserbatzeko epea urtarrilaren 14an hasiko da", ohartarazi dute Korrikaren antolatzaileek. 

Ohi bezala, Aginaga, Usurbil eta Zubietako kilometroen kudeaketa Etumeta AEK euskaltegiak bideratuko du. Euskaltegiaren hartuemanetan jartzeko bideok dituzue:

Nagusia, 43

607 609 379

usurbil@aek.eus

aek.eus

muntteri.blogspot.com.es

Materiala salgai

Bixerak, nikiak, puffak, kirola egiteko kamisetak, egunerokoan janzteko kamisetak… Apirilaren 4tik 14ra Klika aldarripean ospatuko den 21. Korrika laguntzeko materiala salgai duzue jada Etumeta AEK euskaltegian. 

Korrika Laguntzailea kanpaina

Materiala erosteaz gain, Korrika Laguntzaile ere izan zaitezkete. 12 euroko ekarpena eginda, Euskal Herriko hainbat saltokietan beherapenak izateko txartela, txartela erabiltzeko deskontuen katalogoa eta pina jasoko duzue. "12 euroren truke, garrantzitsuena lortuko duzu: AEKren euskaltegiei laguntzea. Horrez gain, pina eta txartelaren abantailak eskuratuko dituzu".

Usurbilen Korrika Laguntzaile izateko tramitazioa Etumeta AEK euskaltegian bideratu ahalko duzue. Baita Internetez ere, korrika.eus atariaren bitartez. 

Bildutako laguntza, "Euskal Herri osoko gau-eskolei eta euskaltegiei laguntzeko erabili nahi dugu". Eta hartara, Korrikaren helburu nagusietakoa bete nahi da: "euskalduntze-alfabetatzerako bitartekoak eskuratzea eta euskaltegien zein gau-eskolen lana sustatzea".

Nabarmentzen dutenez, oraindik euskaraz bizi ahal izateko bide luzea dago jorratzeke. "Tamalez, bide luzea dugu aurretik, eta administrazioei dagokienez, esan behar dugu euskaltegi eta gau-eskolei bideratzen dizkieten baliabideak ez direla nahikoak oraindik ere".

DATOZEN DEIALDIAK

-Otsailak 1, 18:30 Korrika Batzordearen lehen bilera irekia herritar nahiz eragileentzat, Etumeta AEK euskaltegian.

-Otsailak 9, arratsaldez, Txillardegiri omenaldi ekitaldia Donostiako Musikenen.

-Otsailak 13, Euskal Herri mailako Korrika Kulturalaren egitarauaren aurkezpena.

-Apirilak 12: 14:30-15:30 21. Korrika Aginagako Mapiletik, Usurbila, Usurbildik Zubietako hipodromoko zubira. 11 kilometro guztira.

-Etumeta AEK euskaltegian abian diren ekimenak:

Korrika Laguntzailea kanpaina: 12 euroren truke, pina, beherapenak Euskal Herriko hainbat saltokietan eta beherapenentzako katalogoa.

Kilometroen erosketa: ibilbideko kilometro osoa edo erdia erosteko aukera.

Korrika materialaren salmenta.

Informazio gehiago:

Nagusia, 43

607 609 379

usurbil@aek.eus

aek.eus

muntteri.blogspot.com.es

korrika.eus