Josune Urkola izango da EAJren hautagaia Usurbilgo alkatetzarako

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 30a, 12:57

Josune Urkola izango da Usurbilgo alkatetzarako EAJren hautagaia datozen udal hauteskundeetan. Duela lau urte bezalaxe, Josune Urkolak gidatuko du EAJk osatutako gizon-emakume taldea. “Usurbildarren ongizatearen eta bizi kalitatearen alde lan egiteko helburuarekin” aurkeztuko dira maiatzeko hauteskundeetara.

Hautagai jeltzalea bere udal  taldeko bozeramailea da gaur egun, eta Ogasuneko, Hezkuntzako, Euskara, Kultura eta Gazteriako, Parekidetasuneko, Pertsonaleko, Nekazaritza eta Ingurumeneko eta Gizarte Zerbitzuetako udal batzordeetako partaidea. Josune Urkolaren esanetan, lau urte hauetan udal lanetan aritzeak “udalaren funtzionamendua eta usurbildarren benetako beharrak ezagutzeko aukera eman dit”.

Babestu dituzten ekimenak

Azken legealdian egitasmo hauek babestu ditu alderdi jeltzaleak: “gure taldeak beste gaien artean Zumarte Musika Eskolaren proiektua, Gureak eta Elkar enpresak  Zapategi eremuan kokatzeko ekintza, instalazio  estali bat eraikitzea kirolak zein aisialdirako soinketak egiteko eta Eusko Jaurlaritzak ikastetxe publikoa eraiki dezan  zoru  eskaintza planteatu edota babestu ditugu”. Horretaz gain, Erroizpe iturburuko instalazioak berritzea eta bere kudeaketa Añarberen eskura pasatzea, aire kalitatea neurtzeko kabina jartzea eta “usurbildar guztiontzako diren ekintzetan eta jaietan kutsu politikoa alde batera uztea defendatu ditugu”.

Zerrenda osatzen ari dira

Maiatzeko udal hauteskundeei begira, Urkolak aurreratu du hautagaien zerrenda osatzen hasiak direla eta honekin batera “Usurbilgo ekonomia  zein kultura arloko eta gizarte eragileekin datorren urteetara begira herriak izango dituen erronkak kontrastatzen ari gara.  Ekarpen horiekin gure gobernu programa osatu eta usurbildarrei aurkeztuko diegu”, EAJko iturriek aditzera eman dutenez.