Pentsio duinen aldeko 2019ko lehen elkarretaratzea gaur 19:00etan Mikel Laboa plazan

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 31a, 06:29

 

 

"2019ko urte honetan berriro ekin diegu kontzentrazioei eta iaz bezalaxe kalean jarraituko dugu, ziur gaudelako borroka hau irabazi egingo dugula, ez bakarrik gure pentsioak defendatzeko, baita ondorengo belaunaldienak ere", dio Pentsionistak Aurrera mugimendutik NOAUA! heralazi duten gutunean. 

 

Azken urtean astez aste eginiko borrokak "hobekuntza txiki batzuk lortzea" ekarri duela nabarmentzen dute, baina "ez da nahikoa" diote. Oraindik pentsiodunen aldarrikapen nagusiak betetzetik urruti gaudela gogorarazten digute. 

 

Eta honenbestez, urtea bete berri duten asteroko mobilizazioek segida izango dutela 2019an. Gogoan izan, Usurbilen hilero azken ostegunetan hasi direla elkarretaratzeak deitzen, Gure Pakea, Santueneko Gure Elkartea eta Aginagako Arrate jubilatu elkarteak. Hurrengo hitzordua, ostegunean, urtarrilaren 31n, 19:00etan Mikel Laboa plazan.

 

Borrokan aurrera pentsio publiko duinen alde

Duela  urtebete, urtarrilaren 15ean, pentsiodunen mugimendua, bai Hego Euskal Herrian, bai eta estatu mailan ere mobilizatzen hasi ginen PPren gobernuak inposatutako pentsioen %0,25eko igoeraren aurka, eta baita pentsio publiko duinen alde ere.

 

Egun horretan hasita, elkarretaratzeak egiten ari gara herriko plazetan eta baita bailara eta probintzien mailan ere. Milaka pentsiodunok parte hartuz.

 

Gure eskubideen aldeko borroka honetan jubilatu eta pentsiodun guztien ahaleginak posible egin du hobekuntza txiki batzuk lortzea, baina ez da nahikoa. Lortu dugu, adibidez, pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapenak alderdi politikoen agenda politikoetan aurkitzea, hauek jarrerak hartzera behartzea, eta Madril, Iruñea eta Gasteizko gobernuek pentsioak hobetzeko hainbat neurri hartzera behartzea.

 

Lortu dugu, pentsioak oro har %1,7 eta %1,6 igotzea 2018an eta 2019an hurrenez hurren. Pentsio minimoak %3 igotzea; alargunen soldata arautzailearen kalkulua %55 eta %60koa izatea 2018 eta 2019an hurrenez hurren eta iraunkortasun faktorearen aplikazioa 2023ra arte luzatzea.

 

Aurrerapen txiki hauek, egia da, oso urruti daude gure errebindikazio nagusien aurrean, hala nola, pentsioen KPI igoera urterokoa izatea bermatzea. Baita 2011 eta 2013ko pentsio laboralen erreformak ere. Gure erreibindikazioen zerrendan sartu behar dugun beste aldarrikapen bat da kalitatezko zerbitzu publikoak lortzea, gure bizitzaren azken fasean duintasunez bizi gaitezen.

 

Esperientziak erakutsi digu oraindik lortzeko dauzkagun erreibindikazioak eskuratzeko borroka egin beharra daukagula orain arte bezala, eta hauteskunde munizipal, foral eta Europakoen testuingurua baliatu behar dugula alderdi politikoei eskatzeko, posizionatu daitezela gure eskaeren aurrean. Oso kontuan eduki beharko dute gure eskaerak legitimoak direla eta gure kontsigna edozein gobernuren aurrean izango dela pentsioak defendatzea.

 

2019ko urte honetan berriro ekin diegu kontzentrazioei eta iaz bezalaxe kalean jarraituko dugu, ziur gaudelako borroka hau irabazi egingo dugula, ez bakarrik gure pentsioak defendatzeko, baita ondorengo belaunaldienak ere.

 

Pentsionistak aurrera