Aginagako Arrate Elkartea, aldaketa eta erronkez beteriko urtean

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 31a, 08:28

Joxe Miguel Furundarena, Andres Bruño, eta Antton Pikabea orain. 1986an sortu zuten Arrate Aginagako jubilatu elkartearen egungo lehendakaria, bere 15 bat urteko jarduneko azken txanpan dela elkarrizketatu du NOAUA!k, urte amaieran berriz ireki zuten Arrate tabernan bertan. Arrateko martxaz, eta noski pentsioen gaiari buruz galdetu diogu.

Duela bi hilabete elkarrizketa hau taberna honetan ezin izango genuen egin. Albiste ezinhobea izango da elkartearentzat Arrate berriz irekita egotea?

Antton Pikabea: Albiste oso ona izan da. Hiruzpalau hilabete beldurtuak eta urduri egon gara, inor ez baitzen apuntatzen udaletxeak egin zuen deialdira. Aginaga erdiguneari hau kentzen badiozu, ez da ezer. Poza hartu genuen, Aroa Bengoetxeak eta Alaitz Kaminok hartuko zutela esan zigutenean. Gainera biak dira aginagarren alabak. Oso pozik gara. Bertan otorduak egiteko aukera badela ahoz aho zabaltzeko lanetan gabiltza.

Bereziki, jubilatuen kolektiboak eskertuko du.

Aginaga herri sakabanatua da. Horregatik, Aginagako jubilatu kopuru handiena Arratera etortzea zaila da. Batzuk mendi aldean bizi dira, hemendik 3 kilometrora. Halere badirudi, azken hilabete eta erdi honetan jendea animatzen ari dela etortzera, kafetxoak hartu eta baita otorduak egitera ere.

65 urtetik gorako bizilagun mordoa du Aginagak.

Ezingo nizuke zehaztu baina kopuru handi bat bai. Jubilatu elkartean bazkidetuta direnak ia 100 izango dira, 90etik gora. Jendea jubilatzen denean bazkidetzen da. Gero zaila da, horri erantzun bat ematea. Adibidez, irteerak direnean.

Irteerak aipatu dituzunez, zein da Arrate Elkartearen urteko dinamika?

Dozena erdi bat irteera egiten ditugu urtero, gehienbat Gipuzkoan barrena. Nafarroara joan izan gara baita, Errioxa aldera, Bilboko estropadetara… Gero memoria, eskulan eta pintura tailerrak ditugu. Emakumeak izaten dira gehienetan parte hartzen dutenak. Lan asko eta politak egiten dituzte, San Praixkuetako erakusketan ikus dezakezuen moduan. Horretan ondo erantzuten dute adineko emakumeek. Aginagako jubilatuei esango nieke irteeretara eta ekintzetara animatzeko. 75-76 plazako autobusa alokatzen dugu eta 30-35 joaten gara. Autobusa ahal bada betetzea gustatuko litzaiguke.

Martxoan izango duzue bazkideen urteko batzarra. 2018ko kontua itxi eta 2019rako begira jarriko zarete.

Ekintzen programa bat egingo dugu, ze irteera egongo diren... Aurten batzordea berritzea egokitu daiteke. 14 urteren ostean, datorren martxoan agian beste lehendakari bat jarriko dugu. Uste dut baietz, ezaguna da baina ezin dizut izenik eman. Atzetik datorrenari zorte ona opa diot. Arrateko lehendakari ni izan arren, aipatu nahi nuke, Ixiar Izagirrek eta Agate Rekondok lan izugarria egiten dutela.

Batzordeak zer lan ditu eskuartean?

Hemen bilera asko ez dira egin orain arte. Duela bizpahiru urte arte. Duela bizpahiru urtetik hona gauzak asko aldatzen doaz, bai jubilatuen pentsioak direla, puntu beltzen gaia dela… Lan gehiago eskatzen du horrek guztiak. Erakundeen gainean egon behar duzu. Jubilatua behar da Arrate Elkartean sartzeko. Baina dinamika guztia eramango duen ni baino jende gazteagoa behar da.

"Puntu beltz asko dago"

Pil-pilean diren bi gai aipatu dituzu; pentsioak eta puntu beltzen gaia. Puntu beltzez jositako N-634 errepidea dugu. Traba nabaria, Aginaga bitan zatitzen duena.

Traba oso handia da. Orain errepideko abiadura mugatua dago (orduko 50 kilometroko abiadura) eskerrak. Foru Aldundiarekin hori lortzea kosta zen. Halere jendea nahi duen bezala ibiltzen da. Beste puntu beltz asko dago; Galardi aldean errepidea zeharkatzeko. Saretak jarri zituzten arren, espaloitik errepideko zebra-bideetara jaisteko koskak daude toki batzuetan. Intxaurreta aldean ere arazo handia dago, kurba nahiko itxia dago eta oinezkoak pasatzeko arrisku handia da bertan… Aginagako erribera asfaltatzeke dago. Oso toki polita da ibiltzeko eta errepideko arriskua saihesteko aproposa.

Pentsioen gaiari dagokienean, urriaren 4an martxa egin zenuten, hilero mobilizatzen hasiak zarete… Nazkatuta zaudete ezta?

Batzuk pentsio nahiko onak ditugu. Ni ez naiz kexatzen, baina 4-5 urteetan utzita egon gara. Politikariek adostutako Toledoko Paktua ere ez dute bete. Euskal Herrian dagoen egoera ekonomikoaren arabera, 1.080 euro tokatzen da gutxieneko pentsioa. Horretara iritsi beharko dugu, ez baikara iristen. Batipat pentsio baxuak dituztenek. Lotsagarria da. Alargunek edota kotizatu ez dutenek, nondik jan behar dute? Zerbait behar dute. Horretan lan handia dago. Ez da etsi behar, hori lortu arte.

Gai honekiko nola sumatzen duzu inguruko jendea?

Jendea aspertuta dago jada. Hauteskundeak datozenean egingo dugu hau edo hura esaten dute, baina gero ahaztu egiten dira. Horrek ez du hala izan behar. Gizarte zerbitzuak lehenetsi behar dituzte.  Beste gai batean sartzen izango da, baina erresidentziarena hor dago adibidez. 80. hamarkadan hasitako arazoa. Sei saiakera egin ziren. Handik aurrera ez dakit zenbat gehiago. Orain egingo dutela dirudi. Matia, Foru Aldundiaren eta Udalaren esku dago.

Pentsioena jubilatuen gai soila ez dela diozue sarritan. Denon interesekoa baizik.

Bai, atzetik datozenek zer izango dute? Ze jubilazio izango dituzte, zer prestazio, laguntza izango dituzte? Honetan sakondu beharra eta oso ondo pentsatu beharrekoa dela esango nuke. Bi seme ditut. Zaharrena lanean dago, ez soldata handiarekin. Bigarrena urtebete lanean, beste urte erdia langabezian. Orain langabezian dago. Beti ikasten eta lan finkorik ez, tristea hori da. Lehendakariak jende prestatua behar duela dio. Ados, jendea prestatua behar dugu, baina prestatua dagoen jendeari gero erantzun egin behar zaio, lan bat eman behar zaio. Eta ahal bada lanpostu finkoa.

Egungo errealitatea aldatu arte, kalean segiko duzue ezta?

Hor segi beharra dago, gogor. Gauzak ez dira errazak izaten, badakit. Baina kontxo, agintean daudenek ere ikusi behar dute zein den egoera, eta gutxienez, irtenbide bat ematen saiatu.

Zuen belaunaldiak eskubide askoren alde borrokatu behar izan zuen. Eta orain, berriz ere kalean zarete.

Berriz ere hor gabiltza. Urte batzuk txarrak izan genituen lanean ere eta borrokatuz egin dugu bizimodua. Baina berriz ere gazte jendeari hori datorkiola ikusten dut.

2018a aspaldiko urte borobilena izan da Aginagarentzat. Oreinaren estreinaldia, Herri Txikiren grabazioa, festa historikoak, Eliza Zaharraren dinamizatzea, Eskola Txikiaren aurtengo jaialdia… Aginaga biziberritzen ari da?

Dinamika sortzen ari dela ematen du. Bai gurasoen eta gazteen partetik, mugimendua dagoela ikusten da. Honi guztiari buelta emateko Arrate berriz ireki izana ere oso ondo dator.