Negu giro betean segiko dugu asteburuan. Berriz ere abisu horiaren eraginpean. Ostiral goizaldeko 6:00etatik 15:00etara, eta ostiral gauerditik larunbat eguerdiko 12:00ak arte haizeagatik. Haizeguneetan orduko 100 kilometro ordutik gorako hego-mendebaldeko boladak izan daitezke, haizeguneak ez diren tokietan orduko 80 kilometrokoak.
Ostiral arratsaldeko 18:00etan bestalde abisu horia jarriko dute indarrean, kasu honetan, euriagatik. "Kantauri isurialdeko zenbait lekutan 24 orduan 60 l/m² baino gehiago pilatu daitezke. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du; oso ugaria izango da kantauri isurialdean. Azken orduetan trumoi-ekaitzak izan daitezke eta txingorra egin dezake".
Elurra 400 metrotik gora larunbat goizean, "noizbehinka beherago ekaitz-guneetan".
EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Urtarrilak 31, osteguna
"Egunaren amaieran zerua estalita egongo da eta euria sarri eta ugari egingo du nonahi. Fronte hotzaren ostean, tenperaturak behera egingo du baina elur-kota 1500 metrotik gora mantenduko da momentuz. Kostaldean mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da gauean, barnealdean hego-mendebaldetik joko du oraindik".
Otsailak 1, ostirala
"Ostiral goizaldean frontea aldenduz joango da eta atertzera egingo du denean. Goizean euria urria izango da eta baliteke ostarte batzuk ere zabaltzea, batez ere Ebro ibarrean. Tenperatura maximoek behera egingo dute, hori bai, batez ere kantauri isurialdekoak, eta 8 eta 12 ºC artekoak izango dira. Arratsalde-gau partean eguraldiak txarrera egingo du eta negukoa izango da amaieran. Egunaren azken orduetan zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparradak sarri eta indarraz botako ditu, noizbehinka trumoitsuak izango dira eta txingorrarekin batera. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea zakar ibiliko da orduan. Egunaren bigarren partean tenperaturaren beherakada espero da, minimoak egunaren amaieran neurtuko dira, eta tenperaturarekin batera elur-kotak ere behera egingo du eta egunaren amaieran 700-900 metro inguruan egongo da, ekaitz-guneetan agian beherago".
Otsailak 2, larunbata
"Larunbataren hasieran tenperaturak behera egiten jarraituko du eta goizetik aurrera elur-kota 400-600 metrora egongo da, baliteke zaparrada handi edo ekaitz-guneetan beherago egotea. Egunaren lehenengo partean zaparradak sarri eta indar handiz botako ditu, arratsaldetik aurrera aterruneak espero dira iparraldean eta atertzera egingo du hegoaldean. Txingorra ere botako du. Ipar-mendebaldeko haizea indartsu ibiliko da eta itsaso zakarra eragingo du, olatu handiekin. Giroa hotza izango da edonon".
Informazio eguneratua, hemen: euskalmet.eus