"Meirasko 19ak" hitzaldia Tadamunen eskutik, gaur 18:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 1a, 06:11

Galizara eramango gaitu Tadamun elkargune internazionalistak ostiral honetarako (otsailak 1) 18:00etan Potxoenean antolatu duen “Meirasko 19ak”  solasaldiak. 2017ko abuztuan sinbolikoki eta modu baketsuan Meirasko jauretxea okupatu zuten 19 ekintzaileek, jauretxea Galizako herriari itzultzea eskatu eta inoiz gehiago ez dela frankistena izango aldarrikatzeko. Franco familiaren jabetzakoa baita gaur egun.

"Demokrazia, askatasuna, justizia eta duintasuna defendatzea eskubide bat izateaz gain, betebeharra ere bada. Eta hori da hain zuzen, pasa den 2017ko abuztuaren 30ean pertsona talde batek egin zuena. Galizar demokratak, ezker abertzaleko militanteak, sindikalistak, ekintzaile sozialak, kulturalak, memoriaren arloko pertsonak. Ekintza baketsu eta sinbolikoa izan zen pertsona hauek burutu zutena. Meirasko pazoan bi pankarta zabaldu zituzten botere publikoen eskuartzea eskatzeko helburuarekin eta, Francisco Franco diktadorearen estatu kolpe faxistak lapurtutako ondarea Galizako herriari itzultzea eskatzeko". 

Franco familiak ekintzaileok salatu zituen, 13 urteko espetxe zigorrari aurre egin beharrean aurkitzen dira.

Xehetasun gehiago ostiralean erdaraz egingo den solasaldian. Sarrera doan.