Tipi-tapa tipi-tapa… Korrika! Hasi entrenatzen, 21. Korrikari harrera egiteko bi hilabete eskas ditugu eta. Usurbilen prestaketa lanak abiatu dituzte. Korrika Batzordeak lehen bilera irekia deitu du ostiralerako (otsailak 1) 18:30etan Etumeta AEK euskaltegian. Euskararen aldeko martxa girotzen hasteko ekarpenak egitera animatzen dute Uxue Loinazek (Usurbil-Lasarteko Korrikaren arduraduna) eta Rosa Zubeldiak (Etumeta AEK-ko irakaslea). Bilera ireki hau, herritar nahiz eragile orori irekia zuzendua dago.
Zein dira Korrika Batzordearen egitekoak?
Uxue Loinaz: Korrikan parte hartzeko eta laguntzeko hamaika modu daude. Horietako bat da Korrika Batzordeetan egiten dena. Euskal Herrian Korrikarekin batera sortzen diren batzordeak dira. Herrian bertan, herriko elkarte eta eragile desberdinak elkartzen gara. Korrika heldu bitartean, hainbat ekimen, ekitaldi parte hartzaile eta abar sortzen dira. Gero Korrika Kulturala dago; hor sartzen dira euskaraz egiten diren sorkuntzak, euskararen aldeko kultur ekintzak eta askotariko ekintzak.
Rosa Zubeldia: Banaka edo taldeka parte har daiteke, nahi den moduan. Baten batek, Korrika Kultural honetan sartu daitekeen ideiaren bat baldin badu, proposa dezala.
Atzera begira jarrita, denetariko ekitaldiek izan dute lekua Korrikaren girotze lanetan?
Rosa: Erromeriak egiten dira, umeei ematen zaie txokolatea Korrika Txikia ospatzen dutenean, antzerkiren bat, mus txapelketa, bazkariren bat egin izan da, erakusketaren bat herriko taldeek antolatuta…
Hilabeteotan egin daitekeenaren pista batzuk eman dituzue. Ekarpenak egiteko aukera izango da otsailaren 1eko bileran. Nori dago zuzendua eta zer egin asmo duzue lehen saio honetan?
U.L.:Norbanako nahiz talde eragile usurbildar orori zuzendua dago. Lehenengo batzorde honen helburua litzateke saretzea, lehen hartuemana bideratzea, lan taldetxo bat sortzea, eta Korrika sustatzeko, euskararen alde zer egin dezakegun proposatzea. Ideia zaparrada jasotzen badugu gero zer egin ikusiko da. Ahal den neurrian, euskaltegiak baliabideak jarriko ditu ekintza horiek egin ahal daitezen.
Zertan dira Korrika prestatzeko lanak?
R.Z.:Hor badira zenbait ekintza bateratuak, toki guztietan egiten direnak; arropa euskaltegi guztietan saltzen dugu, Donostiako Gipuzkoako dendan txandak egiten ditugu, euskaltegirako Korrikarako materiala baliatzen dugu, Korrika Laguntzailea eta kilometroen salmenta bideratzearekin batera… Baina gero herri bakoitzean sortzen diren batzordeetatik ekimen ezberdinak bideratzen dira, eta zati hau hurbilagotik, herritik bertatik kudeatzen da.
Ibilbideko kilometroen salmenta. Usurbilen tradizionalki herri eragileek erosi izan dituzte nagusiki. Eskaerak bideratzen hasiak zarete?
U.L.:Batzuk jada kilometroa gordetzeko eskatu digute. Kilometroak bere prezioa du baina leku askotan egiten den bezala, ez dago zertan osoa hartu beharrik, erdia hartu daiteke eta taldean. Malgutasun osoz bideratzen da gai hau. Korrika laguntzeko beste modu bat delako, ekarpen hau egin nahi duen oro ongi etorria izango da.
Abestia, bideoklipa, leloa, omendua… ezagutzera eman dira. Duela gutxi, baita ibilbidea ere. Herri barruko ibilbidea ohikoa izango da?
R.Z.:Ez da asko aldatuko. Asmoa beti izaten da Korrikak ahalik eta auzo zein herritar gehienengana hurbiltzea. Aginagatik etorriko da, Kaxkoan sartuko da, Bordatxoko errotondara joango da, gero Kalezarrera igo eta handik Kale Nagusira, Bizkarretik Santuenera, eta Santuenetik Zubietara. Hipodromoko zubian Lasartekoei pasako diegu lekukoa.
Bizi izan dugun Euskaraldiak zapore gozodun lekukoa utziko zion Korrikari?
R.Z.:Euskaraldiak arrasto gozoa utzi duela sumatu dut baina ez Korrikarekin lotuta, gerora begira baizik.
U.L.:Beste zenbait herritan ordura arte euskarara gerturatu ez den hainbat jende, Euskaraldiak euskararen aldeko beste ekimen guztietan parte hartze aktiboagoa izatea bultzatu du.
Euskaltegiko ikasleek nola bizi dute Korrika urtea?
R.Z.:Korrika igarotzen den une hori oso berezia da, lekukoa hartzen dute. Euskaltegian gure Korrikari buruzko azalpenak jasotzen dituzte, eta presentzia handia ematen die baita Korrikan asko inplikatzen den ikastolak. Umeen ehuneko handi batek bertan hartzen ditu eskolak eta unitate didaktikoak, kantak, mozorroak lantzen dituzte. Horrek umeei eta euskaltegiko ikasle ere badiren gurasoei eragiten die.
20 edizioren ostean, nola ikusten duzue Korrika?
R.Z.:Hemen inguruan oso oso jendetsua izaten da. Oso laburra. Zain denbora luze egoten gara eta di-da batean pasatzen da. Hemengo jendeak gainera badu Erriberara nahiz Iparraldera Korrikan parte hartzera joateko ohitura.
U.L.:Ikasturtea hastean jendeak bere agendetan sartzen du Korrika egokitzen dela. Herrian egiten diren hainbat ekintzetan aurreikusten da Korrika badatorrela eta horrek asko laguntzen du Korrikako lana eta halako harrera izateak.
Nola bizi da eta zer ikusten da Korrika igarotzean, lasterketa animatzen doan furgonetatik?
U.L.:Jendetza ikusten da, olatu erraldoia etorriko balitz bezala, urduritasun eta emozio handia. Duela bi urte Lasarten furgonetan joatea egokitu zitzaidan. Eguraldi oso txarra zegoen, baina jendea, ilusioa, urduritasuna, poza nabari ziren. Korrikalarien aurretik zoaz, atzetik dator lekukoa eta zain dagoen jendea ikusten duzu, ezinegona, ilusio handia. Barruak mugitzen dizkigu denoi.
R.Z.: Aurreko edizioan, oso eguraldi txarra egin zuen, ilunabar gauean izan zen eta halere jende askok hartu zuen parte. Jendeak oso harrera ona egiten dio Korrikari.
DATOZEN DEIALDIAK
-Otsailak 1, 18:30 Korrika Batzordearen lehen bilera irekia herritar nahiz eragileentzat, Etumeta AEK euskaltegian.
-Otsailak 9, arratsaldez, Txillardegiri omenaldi ekitaldia Donostiako Musikenen.
-Otsailak 13, Euskal Herri mailako Korrika Kulturalaren egitarauaren aurkezpena.
-Apirilak 12: 14:30-15:30 21. Korrika Aginagako Mapiletik, Usurbila, Usurbildik Zubietako hipodromoko zubira. 11 kilometro guztira.
-Etumeta AEK euskaltegian abian diren ekimenak:
Korrika Laguntzailea kanpaina: 12 euroren truke, pina, beherapenak Euskal Herriko hainbat saltokietan eta beherapenentzako katalogoa.
Kilometroen erosketa: ibilbideko kilometro osoa edo erdia erosteko aukera.
Korrika materialaren salmenta.
Informazio gehiago:
Nagusia, 43
607 609 379
usurbil@aek.eus