Negu giro beteko asteburua izango dugu, otsailari dagokion moduan. Oraingoan ordea, euria gogotik egin dezake, eta elurra goietan. Egoera honetan, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak uholde arriskuagatik Larrialdi Plan Bereziaren alerta fasea jarriko du indarrean ostiral gauerditik igande eguerdiko 12:00ak arte.
Ibaien gertuko jarraipena egiten ari dira hiru Foru Aldundiak, Ura Euskal Agentzia eta Euskalmet meteorologia agentzia.
Ostiral gauerditik aurrera abisu horian izango gara haizeagatik eta euriagatik. Haizeagatik, larunbat eguerdiko 12:00ak arte. "Ipar-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindituko dute haizeguneetan. Bestalde, haizeguneak ez diren lekuetan ipar-mendebaldeko haize-boladak 80 km/h ingurukoak izan daitezke".
Euriagatik ere abisu horian izango gara, larunbat egun osoan zehar. "Kantauri isurialdeko zenbait lekutan 24 orduan 60 l/m² baino gehiago pilatu daitezke. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du; oso ugaria izango da kantauri isurialdean. Trumoi-ekaitzak izango dira eta txingorra botako du".
Gipuzkoa barnealdean elurragatik alerta laranja izango da indarrean asteburuan. Gure inguruetan, mendi gainak zuritu ditzake, baina beherago ere elurra egin dezake. 300-600 metro artean. "Elur-kota noizbehinka beherago egongo da ekaitz-guneetan". Igandean, elur-kota 300-500 metro artean egongo da egunean zehar, arratsaldez atertzera egingo du eta gauez 600 metrotik gora zurituko du.
Azken egunotako euri zaparradek berriz ere errioa igoarazi dute ostiral goizaldean; maila horitik gora izan da, une batzuetan maila laranjaraino igo da, Lasarteko estazioan.
Adi beraz errioari, baita errepideari ere. Ostegun goizaldean, Troia inguruan istripua jazo zen, eta mendiaren zati bat ere errepidera jausi zen.
https://twitter.com/XingolaUsurbil/status/1090977708820086789
https://twitter.com/XingolaUsurbil/status/1091020567040454656
ASTEBURURAKO IRAGARPENA
Otsailak 1, ostirala
"Egunaren azken orduetan zerua estalita egongo da eta noizbehinka zaparradak botako ditu. Zaparrada horiek ez dira handiak izango, momentuz, baina litekeena da egunaren amaieran iparraldeko zenbait lekutan ekaitza lehertzea eta txingorra botatzea. Horrez gain, tenperatura eta elur-kota jaitsiko dira, bukaeran elur-kota 700-800 metro inguruan egongo da. Hego-mendebaldeko haizea ibiliko da hasieran, baina gaua aurrera joan ahala ipar-mendebaldera aldatuko da eta kostaldean indartu egingo da, bolada oso gogorren batekin".
Otsailak 2, larunbata
"Larunbatean neguko giroa izango dugu edonon. Hotz egingo du eta egunaren lehenengo partean elur-kota jaitsi eta goizetik aurrera 300-500 metro inguruan egongo da, ekaitz-guneetan are beherago. Egunaren hasieran prezipitazioa ugari eta ia etengabe egingo du, arratsaldetik aurrera ez du hain sarri egingo eta aterrune batzuk espero dira. Isurialde atlantikoan ekaitzak jo eta txingorra botako du. Neguko giroaz gain, ipar-mendebaldeko haizea oso zakar ibiliko da, bolada oso gogorrekin nonahi, eta olatu handiak altxatuko ditu. Tenperatura maximoak, 4 eta 9 ºC artean".
Otsailak 3, igandea
"Igandean ere hotz handia egingo du eta egunaren lehenengo partean elur-kota 300-500 metro inguruan mantenduko da, baina prezipitazioa larunbatean baino urriagoa izango da. Arratsaldetik aurrera hainbat tokitan ateri eutsiko dio eta ostarteak ere agertuko dira, batez ere hegoaldean. Arratsaldean iparraldeko haizeak ahultzera egingo du eta egunaren amaieran hegoaldekoa gailenduko da. Olatuen altuera ere jaitsiko da".
Informazio eguneratua, hemen: euskalmet.eus