Aginaga, ekainaren 9ko Gipuzkoako Eskola Txikien jaia prestatzeko lanketa betean

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 2a, 11:32

Motorrak berotzen jada Aginagan. Erronkarako data finkatua dute; ekainaren 9a. Gipuzkoako Eskola Txikien jaia antolatzeko lan betean dira jada. San Praixku Guraso Elkarteak deituta, larunbat arratsalde honetan egin dute ludotekan, herri mailako informazio bilera. Bertan jaiaren nondik norakoak azaldu dizkiete jada ekimenaren antolakuntza lanak bideratzen hasia den guraso taldea; guneak, zenbat eta non izango diren; jaialdi egunaren nondik norakoen gaineko zehaztasunak eskaini dituzte... Hitzordua, herritarrak zertan laguntzeko prest leudekeen zehazten hasteko baliatu nahi zuten.

Aurrera begira bilera gehiago egitekotan dira. Guraso elkartetik gogorarazten dutenez, "2019 urtea oso berezia izango da aginagarrontzat. Guztion artean, erronka handi bati egingo diogu aurre, ekainaren 9an Gipuzkoako Eskola Txikien festa ospatuko baita gure herrian. Beraz, aurretik ere ohituta gauden arren, auzolanean jarduteko urtea izango dugu bereziki aurtengoa".

Auzolan horri begira, momentuz bi deialdi plazaratu dituzte. Batetik, ekainaren 9ko jaialdi egun horretarako bolondresak beharko dituzte; besteak beste, Aginaga bitan zatitzen duen N-634 errepidearen zainketa lanetarako, baita egunean zehar antolatuko diren ekitaldi, tailer, ikuskizunetan laguntzeko, edota bertaratuko diren guztiei eskaini beharreko zerbitzuak (jan edana...) bermatu ahal izateko. 

Argazki erakusketa

Lanotarako bolondres gisa aritu nahi dutenek, email bat idatzi baino ez dute aginaga@eskolatxikiak.org helbidera. Helbide horretara bertara idatzi behar du baita ondoko deialdian ekarpenik egin nahi duenak ere.

San Praixku Guraso Elkartetik ohartarazi dutenez, ekainaren 9an Aginagan ospatuko den Gipuzkoako Eskola Txikien jaialdiaren aurreko hamabostaldian, argazki erakusketa bat egin nahi dute. "Eskertuko genuke, eskolarekin lotura duten argazkiak izanez gero, gurekin kontaktuan jartzea".