Hilabete hasiera mugitua izango dute Artzabal aldean. Hitzaldi, bazkari, ibilaldi, kantu eta antzezlan saioez, denetariko ekintzez ondo hornituriko Jubilatu Astea antolatu du Gure Pakea Elkarteak otsailaren 4tik 10era, eta segidan bazkideen arteko txapelketak. Hasteko, eta gaur ospatu duten Agate Deunaren bezperarekin bat eginez, Kantu Taldekoak bisitan izan dituzte Artzabalen. Eta segidan, kantu-jira egin dute herritik barrena. Astearterako Matia Fundaziokoen hitzaldia programatu dute.
Horrekin batera, besteak beste, “Halako batean, bagoaz Benidorrera!” Gure Pakeako kideen eskutik Sutegin ikusi ahalko dugun antzezlanaren estreinaldia otsailaren 8an! Jubilatu elkartearen baitan osatu den taldetxoa gogotik ari da prestatzen, umoretik aiton-amonen egungo errealitatera hurbilduko gaituen antzezlana. Apuntatu beharreko ekintzetarako, izen ematea aurrez bideratu beharko da Gure Pakeak Artzabalen duen bulegoan.
JUBILATU ASTEA
Otsailak 5, asteartea
16:00 Hitzaldia Matia Fundazioko kide Nerea Galdonaren eskutik.
Otsailak 6, asteazkena
Goizean zehar, ibilaldia herrian barrena.
Eguerdian, bazkaria Aginaga Sagardotegian.
Otsailak 7, osteguna
16:30 Osakidetzaren eskutik, hitzaldia Artzabalen.
Otsailak 8, ostirala
17:30 Gure Pakea Elkarteko kideen eskutik, “Halako batean bagoaz Benidorrera!” antzezlana Sutegiko auditorioan. Sarrera doan.
Otsailak 9, larunbata
17:00 Herriko eta inguruko soinujoleekin arratsalde pasa Sutegin.
Otsailak 10, igandea
12:00 Meza nahi dutenentzat.
14:00 Bazkaria Aginaga Sagardotegian.
BAZKIDEEN ARTEKO TXAPELKETAK
Otsailak 12, asteartea
16:30 Karta jokoak Artzabalen.
Otsailak 13, asteazkena
16:30 Toka eta igel jokoak Artzabalen.
Oharra: ekintzetarako izen ematea aurrez, Gure Pakea Elkarteak Artzabalen duen bulegoan.
Antolatzailea: Gure Pakea Elkartea.