LAB, ELA, ESK, Steilas, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatueko emakume ordezkariek, hau da euskal gehiengo sindikalak, Martxoaren 8rako, 24 orduko greba feministarako deialdia erregistratu dute asteazken honetan, Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen ordezkaritzan eta Nafarroako Gobernuko Lan Sailean. Modu honetan, sindikatu guztiok Euskal Herriko Mugimendu Feministak aipatu egun horretarako iragarritako egun osoko greba egunarekin bat egin dute.
"Biztanleriaren eta langileen erdiari zuzendutako greba orokorra izango da", gogorarazi du ELA sindikatuko berdintasun saileko arduradun Leire Txakartegik. "Greba feminista egungo sistema zalantzan jartzeko eguna izatea nahi dugu. Izan ere, egungo sistema kapitalista, heteropatriarkal eta kolonialistaren barruan, emakumeok egiturazko diskriminazioa pairatzen jarraitzen dugu”, LAB sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranbururen esanetan.
Batetik enplegu greba izango da. "Enpleguan ere badaude milaka arrazoi emakumeok greba egiteko, guk sufritzen ditugulako prekarietatea eta diskriminazio egoera gordinenak: behin-behinekotasuna, kontratu partzialak, soldata arrakala (emakumeok gizonezkoek baino %24 gutxiago irabazten dugu)…", ohartarazi dute ELA-tik.
Baina enplegu grebatik haratago joango da deialdia. Zaintza lanak ikusgarri egin, lan hauei dagokien aitortza politiko, ekonomiko eta soziala egin, eta erdigunean jarriko ditu, eta honenbestez "sexuaren araberako lanaren banaketak ekartzen dituen diskriminazioa eta esplotazioa". Honenbestez lantoki eta etxeetan 24 orduko greba feminista eguna deitu dute Martxoaren 8rako. "Martxoak 8an emakumeok planto egingo dugu lantoki eta etxeetan, kalera aterako gara beste eredu baten alde, bizitzak erdiguneak jarriko dituen eredu baten alde, eta horretarako, borroka sindikala eta feminista esku-hartuta joango dira".