Kataluniako auzipetuekiko elkartasun elkarretaratzea 19:30etan Mikel Laboa plazan

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 12a, 07:50

Astearte honetan (otsailak 12) abiatuko da Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Gorenean. 2017ko urriaren 1ean erreferenduma antolatu eta Kataluniako independentzia aldarrikatzeagatik, akusatuen aulkian eserarazi eta epaituko dituzte; Oriol Junqueras presidenteorde ohia, Carme Forcadell Parlamentuko presidente ohia, Raul Romeva, Jordi Turull, Joaquim Forn, Dolors Bassa, Meritxel Borras, Carles Mundo eta Santi Vila kontseilari ohiak, Jordi Sanchez ANCren buruzagi ohia eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea.

Fiskaltzak 7-25 urte arteko espetxe zigorrak eskatzen ditu haientzat. Aurretiazko izapikideekin abiatuko dute epaiketa, saio hauek hiru egunez luza daitezke, otsailaren 12tik 14ra. Auzipetuei egin beharreko galdeketak aldiz, otsaileko hirugarren astean abiatu daitezke. Epaiketa, Espainiako Auzitegi Gorenaren webgunetik zuzenean jarraitu ahalko da. Esteka honetan klikatuta: http://www.poderjudicial.es/cgpj/es/Causa-especial-20907-2017/Retransmision-en-directo/

Mobilizazio astea

Testuinguru honetan mobilizatzera deitu du Gure Esku Dagok. Mobilizazio astea deitu du. Epaiketa hasiko den egunean elkarretaratzeak antolatu ditu hiriburu eta herrietan. Tartean, Usurbilgo Mikel Laboa plazan. Aldarripe honetan: "Elkartasuna aterpe. Konponbidea. Democracia. Llibertat". Eta otsailaren 17rako manifestazioa Donostian! Elkartasun keinu gisara, Gure Esku Dagotik hori koloreko xingola, jantzi eta abarrekin parte hartzera deitzen dituzte herritarrak hitzorduotan.

Mobilizaziootan demokraziaren aurkako epaiketa izango dena salatuko da. Erabakitze eskubidearen aldeko herri mugimendutik gogorarazten dutenez, "ez dago jokoan soilik, egun preso diren buruzagi katalanen askatasuna, pertsona guztien eskubideak ere bai". Eskubide zibil eta politikoak. Hain zuzen, epaiketa honekin, auziperatuen oinarrizko eskubideak urratuko direla ohartarazten du Gure Esku Dagok. Erreferendun demokratiko bat epaitu eta zigortu nahi dutela eta honenbestez, herrien autodeterminaziorako eskubidea ukatu asmo du epaiketa honek, Gure Esku Dagoren esanetan.

Horregatik guztiagatik kalera irteteko ordua dela azpimarratzen dute. Gure Esku Dago mugimenduko ordezkaritza bat Madrilgo epaiketara joango da, injustizia hau irmoki salatu eta preso politikoei eta haien senideei babes osoa adierazteko.

GURE ESKU DAGOREN DEIALDIAK

Otsailak 12, asteartea

19:30 Kataluniako auzipetuekiko elkartasun elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.

Otsailak 17, igandea

12:00 Manifestazioa Donostiako Groseko Katalunia plazatik Bulebarrera.

Deitzailea: Gure Esku Dago.

Informazio gehiago:

gureeskudago.eus

Facebook: Gure Esku Dago Usurbil

Twitter: Gure Esku Dago Usurbil

Manifestua

Konponbide politikoaren aldeko manifestua plazaratu dute alor anitzetako 68 herritar ezagunek. Segidan manifestua osorik, atxikimenduen zerrenda konponbidearenalde.eus atarian duzue.

Azkenaldian, arreta bereziaz jarraitzen ari gara Kataluniako egoera politikoaren bilakaera. Era batera edo bestera, hamaika lotura eta harreman dugu katalanekin.

Argi dugu, gainera, Katalunian gertatzen denak eragina izan dezakeela gure egungo bizimoduan eta gure etorkizuna eraikitzeko orduan.

Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranisten kontrako epaiketa hastear dagoen une honetan, manifestu hau sinatzen dugunoi egoki iruditu zaigu hitza hartu eta plaza publikoan azaltzea.

Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranisten egoera kontuan harturik, honako aldarrikapenak egin nahi ditugu:

Berehala aske uztea preso dauden buruzagi sozial eta politiko subiranista katalanak, haien espetxeratzea bidegabea delakoan. Jordi Cuixart, Oriol Junqueras, Jordi Sànchez, Carme Forcadell, Jordi Turull, Raül Romeva, Dolors Bassa, Josep Rull eta Joaquim Forn aske nahi ditugu.

• Salbuespenezko bide judizial, juridiko edo prozesalak indargabetzea, 2017ko urriaren 1eko erreferendumarekin lotutako kausa guztiak bertan behera utzita.

• Elkarrizketari eta negoziazioari ekiteko deia, herritarren borondatearekiko begirunean eta balio demokratikoetan oinarritutako konponbide politikoa posible izan dadin. Konponbide politikoari ireki behar zaio bidea, herritarrek euren etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki ahal izatea oinarri hartuta.

Gure ustez, elkartasuna, askatasun demokratikoen eta eskubide zibil eta politikoen defentsa, bide errepresiboekiko arbuioa, eta herritarrek demokratikoki adierazitako borondatea oinarri duen konponbide politikoaren aldeko jarrera gure gizartearen gehiengo zabalak partekatzen dituen oinarriak dira. Uneotan, defendatu eta sendotu beharreko oinarriak dira.

Eskubide zibil eta politikoen eta askatasun demokratikoen defentsarekin herritarron konpromisoa areagotzeko garaiak bizi ditugulakoan gaude. Haize autoritario eta intoleranteen aurrean, kultura demokratikoan sakontzea eta elkartasuna lantzea dagokigu. Demokrazian ezin dira kriminalizatu mobilizazio demokratiko eta baketsuak, ezta disidentzia politikoa ere. Demokrazian, bozkatzea ezin da izan delitu, konponbide baizik. Demokrazian, ezin da epaitu demokrazia.