Martxoaren 8ko greba feminista prestatzen hasteko lehen bilera ostegunean

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 12a, 09:20

Iaz bezala, planto egiteko deia egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak datorren Martxoaren 8rako. 24 orduko greba feminista deitu dute hiru aste barrurako. Hitzordua prestatzen hasteko, Usurbil mailako lehen bilera deitu du emakume talde batek, ostegunerako (otsailak 14) 18:30etan Potxoenean. "Etxekoandreon, ikasleon, enplegatuon, erretiratuon, hango eta hemengoon, enplegurik ez eta lana soberan dugunon artean Martxoaren 8ko greba feministari forma emateko, antolatzeko, aliantzak sortzeko, konspiratzeko... biltzeko asmoa dugu. Lehen bilera da eta, nola ez, zu(ek) ere bertan egotea nahi dugu! Denon artean, M8an emakumeok* planto!".

Greba eskaria erregistratu dute sindikatuek

LAB, ELA, ESK, Steilas, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatueko emakume ordezkariek, hau da euskal gehiengo sindikalak, Martxoaren 8rako, 24 orduko greba feministarako deialdia erregistratu zuten duela astebete, Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen ordezkaritzan eta Nafarroako Gobernuko Lan Sailean. Modu honetan, sindikatu guztiok Euskal Herriko Mugimendu Feministak aipatu egun horretarako iragarritako egun osoko greba egunarekin bat egin dute.

"Biztanleriaren eta langileen erdiari zuzendutako greba orokorra izango da", gogorarazi du ELA sindikatuko berdintasun saileko arduradun Leire Txakartegik. "Greba feminista egungo sistema zalantzan jartzeko eguna izatea nahi dugu. Izan ere, egungo sistema kapitalista, heteropatriarkal eta kolonialistaren barruan, emakumeok egiturazko diskriminazioa pairatzen jarraitzen dugu”, LAB sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranbururen esanetan.

Batetik enplegu greba izango da. "Enpleguan ere badaude milaka arrazoi emakumeok greba egiteko, guk sufritzen ditugulako prekarietatea eta diskriminazio egoera gordinenak: behin-behinekotasuna, kontratu partzialak, soldata arrakala (emakumeok gizonezkoek baino %24 gutxiago irabazten dugu)…", ohartarazi dute ELA-tik.

Baina enplegu grebatik haratago joango da deialdia. Zaintza lanak ikusgarri egin, lan hauei dagokien aitortza politiko, ekonomiko eta soziala egin, eta erdigunean jarriko ditu, eta honenbestez "sexuaren araberako lanaren banaketak ekartzen dituen diskriminazioa eta esplotazioa".  Honenbestez lantoki eta etxeetan 24 orduko greba feminista eguna deitu dute Martxoaren 8rako. "Martxoak 8an emakumeok planto egingo dugu lantoki eta etxeetan, kalera aterako gara beste eredu baten alde, bizitzak erdiguneak jarriko dituen eredu baten alde, eta horretarako, borroka sindikala eta feminista esku-hartuta joango dira".