Euskaraldia

Euskaraldiaren ondorena bideratzeko bilera 18:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 13a, 06:32

 

Bilera deitu du Euskaraldia Usurbilen sustatzen aritu den taldeak asteazken honetarako (otsailak 13), arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. Euskaraldiaren ondorena bideratu nahi dute eta martxorako Kike Amonarriz soziolinguista gonbidatu Usurbilera hitzaldia eskaintzera. Hitzordu hau prestatzeko egin dute asteazkenerako deialdia:

 

"Kaixo lagun!

Bi hilabete pasa dira Euskaraldiaren lehenengo ekitaldia amaitu zenetik. Une aproposa da Euskaraldian bizitutakoa gogora ekarri eta ondorenari buruz hitz egiteko. Horretarako martxoaren 12an Kike Amonarriz soziolinguista gonbidatu nahi dugu Usurbilera.

 

Euskaraldiaren ondorenari forma emateko garaian zu garrantzitsua zara. Horregatik, martxoko ekitaldi hori prestatzen laguntzeko eskertuko genizuke, otsailaren 13an, asteazkenean, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean egingo dugun bilerara etortzea.

 

Gure artean izango zarelakoan!"

 

Martxoan hirugarren galdetegia

Gogoan izan, Euskaraldiaren estreinako edizioaren eragina neurtzeko ikerketa egiten ari da Soziolinguistika Klusterra, parte hartzaileei email bidez helarazitako 3 galdetegien bidez. Lehen bi galdetegien olatua igaro zen; lehen galdetegia Euskaraldia hasi baino lehen eta bigarrena amaitu berritan osatu beharra zegoen. Baina adi, hirugarren galdetegia osatzea falta zaigu. Martxoan helaraziko zaigu emailez.

 

Bigarren Euskaraldia, 2020ko udazkenean

Ahobizi eta Belarriprestok adi, konturatzerako Euskaraldia bueltan datorkigu eta. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herrian 220.000 lagunek eginiko ariketa kolektiboak jarraipena izango zuela iragarri zuten sustatzaileek, joan den urte amaierako 11 eguneko ekimena amaitu berritan. Data finkatu dute orain; geure hizkuntza ohituretan eragin eta euskararen erabilera sustatzea helburu duen ekimenaren  edizio berria, 2020ko udazkenean ospatuko da. 

 

Estreinako edizioan bezala, Ahobizi nahiz Belarriprest rolen bidez, iazko udazkenean 11 egunez egin eta hasitako ariketari segida ematea, Euskaraldian parte hartzera gonbidatuko dira herritarrak. Eta berrikuntza bat ere iragarri dute; 2020ko udazkeneko ariketa kolektibo berrian, erakunde publiko, enpresa, saltoki, elkarte eta abarrei, entitateei oro har, haien guztien jardunean euskararen erabilera indartzeko konpromiso zehatzak hartzea bultzatuko da.