Coral Herrerarekin solasaldia 18:30etan Udarregi Ikastolako jangelan

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 15a, 10:44

 

Bisitari berezia ostiral honetan (otsailak 15) Usurbilen. Costa Ricatik gure artera dator Coral Herrera (Madril, 1977). Giza zientzia eta komunikazioan doktorea, genero ikuspegitik giza zientzien inguruko gaien ikertzaile eta idazle ezaguna. Maitasun erromantikoaz luze zabal ariko da, “Maitasunaz gozatzen duten emakume eta gizonak” hitzaldian.

 

Adi antolakuntzaren ohar honi. Aforo aurreikuspenengatik, hitzaldia lekuz aldatu du Udaleko Parekidetasun Sailak. Honenbestez Potxoenean ez, Coral Herreraren solasaldia, otsailaren 15ean, 18:30etan, Udarregi Ikastolako jangelan!

 

Zeintzuk izango dira Potxoenean jorratuko dituzun hizpideak?

Coral Herrera:Idatzi ditudan bi liburuei (“Mujeres que ya no sufren por amor” / “Hombres que ya no hacen sufrir por amor”) buruz hitz egingo dut. Prozesu honetan doktore tesi batekin hasi nintzen. Bertan, ikuspegi feministatik maitasun erromantikoa aztertu nahi izan nuen: nola eraikitzen den maitasun erromantikoa, gizon eta emakumeok nola ikasten dugun modu ezberdinetan maitatzen, maitasuna nola aldatzen den klase sozialaren, zonalde geografikoaren, garai historikoen edota adinaren arabera. Ikuspegi honetatik, maitasuna eraikuntza sozial, politiko eta kulturala da. Eraikitzen den moduan deseraiki eta berreraikitzen da. Nire lan, blog, liburu eta maitasunaren eskolan egiten dudan lanarekin luzatzen dudan mezua, maitasuna berasmatu daitekeela, horretan oinarritzen da. Maitasun erromantikoaren azpian dagoen ideologia (kapitalismoa eta patriarkatua) aztertu dezakegu, baita maitasunean nola sufritu gutxiago eta gehiago goza dezakegun ere. Nola ikasi, hobeto maitatzen jakiteko.

 

Hobeto maitatze horretan, nola gaude egun?

Ez ditugu behar beste lanabes, gure emozioak kudeatzeko. Ez digute irakasten ondo maitatu eta tratatzen. Kontrakoa, indartsuenaren legea zein den, lehiatzen eta gure emozioak erreprimitzen, helduen artean dauden ereduak betikotzen irakasten digute. Matxismoak blaituriko maitasun erromantikoak asko sufriarazten gaituela ikusita, maitasuna matxismotik nola askatu, horretara bideratu dut lanketa. Maitasuna gerra bat dela, ideia horrekin amaitzea litzateke asmoa eta harreman osasuntsu, parekide, orekatu eta politak eraikitzea ahalbidetuko diguten lanabesak sortzea. Maitasunean gozamenik ez bada, ondo pasatzen ari ez bazara, plazerraren ordez mina baldin badago, ez du merezi.

 

Eremu honetan aurrerabidean gara?

Urte asko daramat, doktore tesiak plazara atera eta azterlan akademiko hauei aplikazio praktiko bat bilatu behar zaiela aldarrikatzen. Bloga eta sare sozialen bidez denbora honetan eztabaida kalera eta agenda feministaren erdigunean jartzea lortu dudala uste dut: nola ari garen elkar maitatu, tratatu eta zaintzen, nola adierazten ditugun gure afektuak, nola ikasi genezakeen gure gatazkak konpontzen indarkeriarik gabe... Duela urte batzuk, maitasunaren gaia norbanakoen gaitzat jotzen zen, norbere esparru pribatuari zegokiona, eta oraingo lorpena izan da gizarteratzea eta maitasun erromantikoa politikoa ere badela ulertzea. Maitasuna gai sozial eta kolektiboa dela.

 

Zeintzuk dira aurre begirako erronkak?

Aurrean dugun erronka zera da; nola askatu maitasuna matxismotik eta nola gozatu gehiago maitasunaz. Nola eraiki gizarte maitekor bat, maitasun lotura eta tratu maitakorrean oinarritua. Egun erromantizismo handia dago, baina maitasun gutxi kaleetan. Hor daude gorrotozko diskurtso guztiak; matxismoaren, arrazakeriaren, klasismoaren, xenofobiaren diskurtsoak… Maitasunarekin soilik egingo diogu aurre hainbeste gorrotori eta hainbeste indarkeriari. Nire laneko giltzarrietako bat, maitasuna zergatik den hain biolentoa ulertzean datza. Eta nola askatu genitzakeen bereziki emakumeak, kontrolean, dominazioan, indarkerian eta matxismoan oinarrituriko harremanetatik. Lanabesak sortzea baliagarria eta lagungarria izan daiteke denontzat, tratu txarretan, parekideak ez diren eta dominazioan oinarrituriko harremanetatik irteteko.

 

Gai honetan, aipatzekoa da gizonezkoek duten erantzukizuna.

Gizonek erabateko erantzukizuna dute. Gizonezkoak bidegurutze historiko batean direlakoan nago. Egun haien pribilegioetan tinko eutsi daitezke eta berdintasunaren, askatasunaren eta emakumeen giza eskubideen aldeko borrokaren aurka egin. Edo bestela, aldaketa honekin bat egin dezakete. Feministok maitasun iraultza egiten ari garelakoan nago. Erdigunean jartzen ari gara, zaintza, afektuak, giza harremanak eta duela denbora dezentetik lantzen ari gara indarrean den patriarkatua, tailer, jardunaldi, liburuen irakurketa eta lagun artean. Orain inoiz baino ezinbestekoagoa da gizonek maitasun iraultza honekin bat egitea. Gauza asko birplanteatzeko ordua da; nola harremantzen diren gizonezkoak haien ama, amona, arreba, lehengusu eta lankideekin, nola ligatzen duten gustuko diuzten emakumeekin, nola tratatzen dituzten haien bikotelagunak… Batera egin beharko genukeen lanketa da, baina oraintxe praktikoki emakumeok bakarrik ari gara egiten. Eredugarri dira, feminismoaren aliatu diren gizon feministen taldeak. Oso gutxi dira oraindik, baina geroz eta gehiago dira. Indarkeria matxistari aurre egiten ari diren gizonak dira, beraien lanketa egiten ari dira. Oso polita da ikustea, nola gizonak erantzule egiten doazen gai honetan. Gizonezkoei buruzko nire liburua, aldaketarekin bat egiteko gogoa duten gizonei, maskulinitatea eta maitasun erromantikoa lantzeko gogoa dutenei, baina oso ondo nondik hasi ez dakitenei zuzendua dago. Liburuan emakumeok ere egiten ditugun eta guretzat erabilgarriak diren galdera asko planteatzen dizkiet. Baikorra naiz, nik uste dut geroz eta gizonezko gehiago direla, ikasi, irakurri, entzun, hitz egin eta haien burua zalantzan jartzeko gogoz daudenak. Beste modu batzuetan harremandu eta maitatu daiteke, ez da zertan betiko patroiekin segi.