Zubietako erraustegia

Udarregi Ikastolako zuzendaria, GuraSOSen dokumentuen aurrean: "Ezin dugu beste aldera begiratu, bete betean interpelatuak gara"

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 18a, 15:48

 

 

GuraSOSek egunotan ezagutzera emandako dokumentuen aurrean mintzatu da astelehen goiz honetako Donostiako agerraldian, Marije Imaz Udarregi Ikastolako zuzendaria. Otsailaren 10ean Lasarteko ekitaldian ezagutzera emandako komunikazio plan konfidentzialak, erraustegia eta klima aldaketaren aurkako zentroa eraikiko den eremura bisita gidatuak antolatzea aurreikusten du ikastetxe eta herritarrentzat, material didaktikoak plazaratzearekin batera. Hau jakinda, "lehenengo unetik esaten duzu, hau ez da posible. Konpetentzien inguruan hezi nahi ditugu ikasleak, ikasle kritikoak, sortzaileak, ekintzaileak, parte hartzaileak... nahi ditugu. Horrek guztiak talka egiten du planteamendu honekin. Pertsona osoak hezi nahi ditugula esaten ari gara, bere ingurumenaren konprometituak. Hau guztia ez zaigu iruditzen modurik egokiena denik halako planteamenduekin", Imazen esanetan.

 

Komunikazio plan horretan hezkuntza eta ikastetxeak ere interpelatuak diren heinean, ikastetxeei zuzenduta ikastolako zuzendariek adierazi die, bisita hauetara joan edo ez erabaki aurretik "ondo aztertu gaia. Ezin dugu beste aldera begiratu, bete betean interpelatuak gara".

 

Foru agintariei: "Benetako prozesu parte hartzaile eta adostua kontuan har dezatela"

Udarregi Ikastolari dagokionez adierazi du, gaia ikastola barruan aztertzekoak direla, bai zuzendaritza taldean baita Artezkaritza Kontseiluan ere. "Bertan aztertuko dugu zein izango den horrelako gonbitak edo material didaktikoak iristen badira, gure ikastolaren gai honekiko jarrera". 

 

Testuinguru honetan mezu argia helarazi die foru agintariei. "Benetako prozesu parte hartzaile eta adostua kontuan har dezatela eta era guztietako toxikotasunak ekidin ditzatela, ez bakarrik kimikoak, informatiboak eta komunikatiboak ere alboratzeko". Gardentasun falta eta manipulazioa hezkuntzatik saihestu beharra dagoela dio. "Helduak gara eta bakoitzak gure irizpideen pean egin behar ditugu azterketak eta erabaki hartzeak, manipulazioa ahalik eta gehien alboratuta".

 

Gizartearen heldutasuna defendatu du gai honetan. "Inori ez zaigu gustatzen gure ordez beste inork erabakiak hartzea, bagara nor eta badugu informazio ugari".  

 

GuraSOSek EGUNOTAN PLAZARATURIKO DOKUMENTUAK

 

Ingurumen Zaintza Plana

 

Kontratua CMG1 azpimarratua

 

Komunikazio plana