Erraustegiaren inguruko auzibideak zabalik daude, GuraSOS-etik gogorarazi dutenez

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 22a, 14:02

Hondakinen kudeaketarekin dugun gatazkaren testuinguruan, Zubietan eraikitzen ari diren erraustegiaren harira martxan diren auzibideak agortuak daudela dioten Foru Aldundiaren adierazpenak gezurtatu ditu GuraSOSek ohar bidez. Oraindik orain zabalik segitzen dutela gogorarazi dute. Horren adibide gisa aipatu dute, berriki Euskadiko Auzitegi Nagusiak GuraSOSek aurkeztua zuen helegitea artxibatzea eskatzeko Foru Aldundiak eginiko eskaera alboratu izana.

Auzitegiak ebatzitakoaren arabera, ingurumen baimen bateratuari “GuraSOSek helegitea aurkezteko legitimazioa du”, bere interes legitimoak kaltetuak direla argudiatuta. Ondorioz, “interes falta argudiatuz, Foru Aldundiak auzibide hau artxibatua izateko zuen asmoa bertan behera geratu da”.

Ondorioz, auzitegia GuraSOSek Ingurumen Baimen Bateratua nulu deklaratua izateko aurkezturiko demandaren aurrean adierazi beharko da, baita CSIC-eko bi zientzialariek eginiko proba perizialaren aurrean ere. GuraSOSek gogorarazi duenez, proba horretan adierazten denez, “erraustegia martxan jarriko balitz, minbizia, mutagenoak eragin edo giza ugalketa kaltetzen duten 12 substantzia kontrolik eta mugarik gabe isuriko lituzke”.

Europako bidea jorratzen

Europak ere jarrera bera agertu du, ez ditu zabalik dauden auzibideak itxi, GuraSOSek ohartarazi duenez. Europako Batzordeak erraustegiaren proiektuaren aspektu ezberdinei lotutako erakunde honen adierazpenaren eskaera tramitera onartu duela ohartarazi du guraso taldeak. Gogoan izan bestalde, Europako Batzordeak GuraSOSek eginiko ikerketa eskaera tramitera onartu zuen iazko ekainean.

Orain, Europako Parlamentuak gai honi buruz mintzatzeko GuraSOSen eskaera onartu du. Aipatu erakundeak dioenez, GuraSOSek eginiko eskaera tramitera onartua izateko baldintzak betetzen ditu eta Europako Batzordeari arazo honi buruzko alderdi ezberdinen gaineko aurreikerketa bat egitea eskatzen dio. Eskaera honen berri jakinaraziko zaie baita, Ingurumen, Osasun Publiko eta Elikagai Segurtasunerako Europako Batzordeei ere.

Otsailaren 23rako deia

Otsaileko azken larunbata, 23rako GuraSOS-en iragarpena. “Apuntatu otsailak 23 zuzen egutegian!”, adierazi du GuraSOSek sare sozialen bidez. Larunbat honetan, urtarrilaren 26an emango dituztela xehetasun gehiago. Gogoan izan, otsaila amaierarako manifestazioa iragarria dutela Donostian.