Arrakasta itzela izan du NOAUA! Kultur Elkarteak iganderako antolatu duen "Dantza" filmaren proiekzioak. 19:00etarako Sutegin programatua genuen emanaldirako sarrerak aste erdirako agortuak genituen. Ordurako pentsatu genuena gauzatzea erabaki genuen; alegia, bigarren proiekzioa antolatzea, igande arratsaldeko 17:00etan.
Adi, hitzordu honetarako sarrerak badira oraindik! "Dantza" ikusi gabe geratu nahi izanez gero, txartelak igande arratsaldeko 16:30etatik aurrera eskuratu ahalko dituzue Sutegin bertan, 6 euroren truke.
"Dantza"ko kideak gurean
Ohorezko bi gonbidatu izango ditugu 19:00etako proiekzioan. Batetik, proiektu honen zuzendari Telmo Esnal. Eta berarekin batera, Juan Antonio Urbeltz euskal dantza tradizionalaren ikertzaile eta sustzaile garrantzitsuenetarikoa, “Dantza” filmerako koreografo lanak egin dituena ere gure artean izango da. 19:00etan, Usurbilgo Orbeldi D.T.-koak ageriko diren filma hasi aurretik, egitasmoa aurkeztuko digute. Eta pelikula amaitu berritan, dituzuen galderak egin eta haiekin solasean aritzeko aukera izango da.
"Asko hunkituta ateratzen dira"
Telmo Esnal filmeko zuzendaria eta Juan Antonio Urbeltz koreografoa 19:00etako emanaldira etorriko dira, 17:00etako antolatu berri dugun saiora ez. Duela aste gutxi elkarrizketatu genuen Esnal aldizkarirako. Filmak izan duen harrera ezin hobea nabarmendu zigun. "Jende pila bat joaten ari da. Eta asko hunkituta ateratzen dira", Esnalen esanetan.
"Dantza" abenduaren 21ean estreinatu zuten zinema aretoetan. Bezperatan elkarrizketatu genuen, ikus-entzunezko honetan ageri den Usurbilgo Orbeldi Dantza Taldea. azko maiatzean Leitzan egin zen proiektu honetarako grabazioan parte hartu zuten Orbeldi D.T.-ko kideek. Haien esperientzian bizitakoak NOAUA! aldizkarirako bildu genituen:
Elkarrizketak osorik hemen:
"DANTZA" BITAN SUTEGIN
Eguna: urtarrilak 27, igandea.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Proiekzioen ordutegia:
-1. emanaldia: 17:00 (16:30etatik aurrera sarrerak eskuratzeko mahaia Sutegin).
-2. emanaldia: 19:00 (18:55etan irekiko dugu aretoko atea).
Sarrerak:
-19:00etako emanaldirako sarrerak agortuak.
-17:00etako emanaldirako sarrerak igandean bertan, 16:30etatik aurrera Sutegin salgai.
Prezioa: 6 euro.
Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.