Hitzordu ezberdinak bideratu edo proiektuak aurkezteko bilkuraz betetako astea datorkigu

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 19a, 20:18

Bilera eta aurkezpen ugari deitu dira egunotarako Usurbilen.

Astearte honetan, Martxoaren 8ko greba feminista prestatzeko bigarren bilera Potxoenean. Datorren asterako hitzordu gehiago. Batetik, urte amaieran zendu zen Felix Sarasolari omenaldia egingo zaio martxoaren 31n. Hitzordua prestatzeko bilera irekia deitu dute bere lagunek. Horrekin batera, Usurbilgo jaiak diseinatzen segitzeko bigarren bilkura ere antolatu da hurrengo asterako; gogoan izan, ekainaren 28tik uztailaren 2ra zer nolako festak ospatu nahi ditugun proposatzeko aukera izango dute norbanako nahiz eragileek. 

Egun berean, Beterri-Buruntzako udalek (tartean Usurbilgoak) sustaturiko "Guztion Egitasmoa" izenekoa aurkeztuko die Udalak herriko lokalen jabeei. Hain zuzen, lokal hutsak dinamizatu nahi ditu egitasmo honek. Helburua, "lokal hutsen poltsa publiko bat osatzea da, negozio bat irekitzeko lokal bila ari den ekintzailearen zeregina errazteko".

Elkar-Gureak proiektuaren aurkezpena
Pasa den urrian berri eman genizuen moduan bestalde, Elkar eta Gureak lantegiak Usurbilgo lurretara datoz. Dimentsio handiko proiektu sozioekonomiko honen gaineko xehetasunak agerraldi bidez eskaini zituzten sustatzaileek joan den udazkenean. Orain jendaurrean aurkeztuko dituzte nondik norako guztiak, datorren asterako deitu duten ekitaldian.

Amaitzeko, jaso berri dugun beste deialdi bat. Apirilaren 12an eguerdiz gure artetik igaroko den 21. Korrika girotzeko lanean da herri batzordea. Prestaketa lanetan sakontzeko hitzordu berria finkatu dute baita martxoa hasierarako.

BILERA DEIALDIAK
Otsailak 19, asteartea
18:30 M8ko greba feminista prestatzeko bilera Potxoenean.
Deitzailea: emakume talde bat.

Otsailak 25, astelehena
18:00Felix Sarasolaren omenaldia prestatzeko bilera Potxoenean.
Deitzailea: Felixen lagun talde bat.

Otsailak 27, asteazkena
18:00 Usurbilgo Jai Batzordearen bigarren bilera Potxoenean.
Deitzailea: Jai Batzordea.
19:00 "Guztion Egitasmoa"ren aurkezpena lokaletako jabeei Potxoenean.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.

Otsailak 28, osteguna
18:30 Gureak-Elkar Usurbilen kokatzeko proiektu sozioenomikoaren aurkezpena eta erakusketaren irekiera Sutegiko erakusketa aretoan.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.

Martxoak 1, ostirala
17:30 Korrika Batzordearen bilera Etumeta AEK euskaltegian.
Deitzailea: Korrika Batzordea.