GuraSOS-en babes kutxak Durangoko Azokan ere eskuragarri

Noaua Aldizkaria 2018ko abe. 6a, 07:15

Gogoan izango duzue urriaren 7an, etorkizuna kolore biziz margotu eta idaztera gonbidatu zituen GuraSOSek haur eta gaztetxoak Usurbilgo frontoian. Igande goiz hartako ekimeneko marrazki eta hitzekin apaindutako babes kutxak, 10 eurotan salgai jarri ditu GuraSOS-ek. Usurbilen saltokiotan eskura ditzakezue: Lizardi, Laurok, Otargoxo, Kaffa, Txalaka, Iturralde botika, Alkartasuna, Iratze naturtenda, Ines ileapaindegia, Intza ileapaindegia. Eta egunotan, gaurtik (abenduaren 6tik) igandera (abenduaren 9ra), 53. Durangoko Azokan; Landako gunean bertan ez, Andra Mari elizapean aurkituko duzue GuraSOS-en postua.

Hitzartu laguntzeko

Aproposa besteak beste, badatozen eguberriotan opariak egiteko. Haurrak, ingurumena eta elkarbizitza babestea sustatuko duten kutxa hauek salduta bildutako laguntza, Gipuzkoako hiri hondakinen kudeaketarekin dugun arazoa konpontzeko bide-orria diseinatuko duen Hitzartu herritarren parte hartze prozesuaren gastuak ordaintzera bideratuko da. "69.119 haur/gazte, ikasle gipuzkoarrak, gure laguntza beharran daude", ohartarazten du GuraSOS-ek.

Abian duten prozesua, "herritarrekin laguntzarekin egin nahi dugu. Denok gure poltsikotik pixka bat jartzen badugu, lan bikaina egingo dugu, herritarrengandik herritarrengana bideratutako plan bat". 

Usurbilen sortuak

Urriaren 7an Usurbilen haurrek, GuraSOSek frontoian deitutako tailerretan sortutako marrazki eta hitzekin apainduak daude Nantesen (Bretainia) ekoitzi diren kutxa hauek. Eta barruan gailetak eta postalak dituzte. Postaletako batean hala irakurri dugu. "Gure haurren begiradak berritzen du itxaropena guregan eta goizero sinestu arazten digute ez dela berandu. Inoiz ez dela berandu Gipuzkoa osasuntsuago baten alde egiteko". Postala, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanori zuzendua dago.

Babes kutxak salgai non dagoen jakiteko informazio guztia gurasos.org atarian jasoko duzue. Zerrendara batu nahi duen saltokiak idatzi dezala email bat komunikazioa@gurasos.org helbidera. Emailean saltokiaren izena, herria, helbidea, e-posta helbidea eta telefono zenbakia zehaztu.