Erregeentzako haurren eskaerak biltzen hasiak dira postariak

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 5a, 12:31

Erregeak bidean datoz, hurbil behar dute honez gero postariak bidali baitituzte larunbat goiz honetan, Usurbilgo frontoira. 11:00ak pasatxoan Kaxkoan barrena egin duten kalejiran eta hainbat bidelagunez inguratuak iritsi dira pilotalekura. Ordurako hainbat guraso eta haur zain zituzten. Etxeko txikienak buruan zituzten desio, illuso eta gurariak partekatzeko prest. Eskuzabalik hartu dituzte postariak haur eta gaztetxoak.

Arratsaldean Urdaiagatik barrena helduko diren Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeen bitartekari lanak egitera etorri dira. Erregeentzako gutunak biltzera.

Erregeak aipatu moduan, Urdaiagatik barrena iritsiko dira iluntzean frontoira; Santuenea, Kalezar eta Munalurra inguruak zeharkatu ostean. Adi, aurtengoan zenbait aldaketa iragarri dituzte ibilbidean.

Urtarrilak 5, larunbata

11:30 Erregeen postaria frontoian gutunak biltzen ariko da.

17:00 Errege kabalgata abiatuko da San Estebango plazatik. Ibilbidea: San Estebango plaza, Sendategia, Santuenea, Bizkarre, Errekatxiki, Olarrondo (bertan atsedenaldia), Puntapax, Kale Nagusia kontrako norantzan, Zubiaurrenea eta frontoia.

19:30 Erregeen etorrera eta azken ekitaldia frontoian.

Ondoren, protagonistekin egon eta hitz egiteko aukera izango da.

Antolatzailea: Ziortza Gazte Elkartea.