Sareren larunbateko manifestazioei babesa adierazteko gazte argazkia gaur

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 10a, 09:58

Sarek larunbaterako, "Orain presoak" aldarripean Bilbon eta Baionan deitu dituen manifestazioekin bat egin du Usurbilgo Ernaik ere. Atxikimendua adierazteko gazte argazkia ateratzeko hitzordua finkatu dute ostegun honetarako (urtarrilak 10) 20:00etan Aitzagan.

Autobus zerbitzua

Urtero moduan, autobus zerbitzua antolatu da Usurbildik, larunbat honetan (urtarrilak 12) Sare mugimenduak "Orain presoak" aldarripean Bilbon eta Baionan deitu dituen manifestazioetara  joateko. Bi mobilizazioak 17:00etan abiatuko dira; Bilbokoa La Casillatik, Baionakoa Laugatik. 

15:00ak aldera abiatuko da autobus zerbitzua Oiardo Kiroldegitik. Izen ematea ohi bezala, aurrez eta garaiz bideratu beharko da ohiko tabernetan. 

Xua, Olatz, Patxi 

Euskal presoen eskubideen aldeko manifestazio hauen "asmoa argia da, elkarbizitza eta bakerako ezinbestekoa zaigun presoen arazoari irtenbidea emateko, ezberdinen arteko elkarrekintza oinarri, gizarte zibila aktibatzea. Bake iraunkor integral baterako oinarriak gizartearen aktibaziotik etorri behar baitira eta horrek denon ardura eta ahalegina behar du".

Usurbili dagokionez, gogoan izan, salbuespenezko espetxe politikaren aplikazioaren ondorioz, bi urte betetzear den Xuak eta bere guraso Olatz Lasagabasterrek eta Patxi Urangak gugandik ia 600 kilometrora preso segitzen dute, Valentziako Picassent espetxean. Biek ordea, bai Olatzek baita Patxik ere zigorraren hiru laurdenak beteak dituzte. Xuarekin batera Usurbilen, baldintzapean aske behar lukete.

Adinekoak eta gaixoak, arreta gunea 

Iaz motxiladun haurrengan, hau da, dispertsioak gurasoak espetxean dituzten haurrengan duen eraginean jarri zen arreta gune nagusia. Aurten, gaixo eta adinduengan. Kolektibo hauetan oraindik indarrean den salbuespenezko espetxe politikak duen eragina gizarteratzeko ahalegina egin nahi da oraingoan.

LAB sindikatuaren atxikimendua Usurbildik

Sektore ezberdinek, denetariko eragileek bat egin dute jada larunbateko mobilizazioekin. Tartean, sindikatuek. Sare mugimenduak berri eman duenez, estreinakoz, lehen aldiz, "sindikalgintza osoaren ordezkaritza egongo da" Bilboko manifestazioan. Tartean LAB sindikatua. Abenduaren 20an Sutegin egin zuen nazio biltzarraren amaieran, ondoko atxikimendu argazkia atera zuen sindikatu abertzaleak frontoian.

"Sindikatuekin batera, Donostiako manifestazioan egin moduan, beste eragile zein alderdi politikoei ere parte hartzera gonbitea luzatzen diegu, guztiok baikara beharrezkoak". Iragarri dutenez, Bilbon izango da Herrialde Katalanetako ordezkaritza politikoa eta "preso diren politikarien senideak" ere.