Ia 11.000 ikustaldi izan ditu jada, ETB-k isilarazitako GuraSOSen albistearen bideoak

Ia 11.000 ikustaldi izan ditu jada, ETB-k isilarazitako GuraSOSen albistearen bideoak

"Pasa den larunbatean gure telebista publikoak informazio hau jasotzeko eskubidea urratu zigun, baina denon artean egoerari buelta eman diezaiokegu. Horretarako erronka bat proposatzen dizuegu. Egun horretako audientzia gainditzea, bideo hau ahalik eta jende gehienek ikusita. 200.000 pertsonek ikusi behar dute bideoa Euskal Herri osoan".

Hortxe GuraSOSetik egunotan sare sozialen bidez luzatu diguten gonbita. Urtebetez, Gipuzkoako herritar, eragile eta aditu anitzek, hondakinen gatazkarekin herrialde mailan dugun gatazka adostasunez konpontzeko bide-orria landu dute, Hitzartu parte hartze prozesuaren baitan; 2019-30 urte arterako Gipuzkoako Udal Hondakinen Kudeaketa Plan Alternatiboa. 

Abenduaren 29an aurkeztu zuen jendaurrean GuraSOSek, Hernaniko Oronan. Eta joan den urtarrilaren 4an, Gipuzkoako Foru Aldundian erregistratu eta foru agintarien esku utzi zuen. Aurretik Gipuzkoa plazan egin zuten agerraldira gonbidatu zituzten Batzar Nagusietako eta Foru Aldundiko agintariak. Inor ez zen ordea ekitaldira aurkeztu. Eta Euskal Telebistak hau guztia isilarazi duela gogorarazi du GuraSOSek. "ETB-k, Euskal Telebista publikoak, erakundearen (Foru Aldundiaren) bizkar ematea ezkutatu du eta 12 urteko bi neskatxen erantzuna zentsuratu du. Ez ezazu onartu!".

Horren aurrean, albiste honi atxikia duzuen bideoa sortu du GuraSOS-ek. ETBk gai honen berri eman behar zuen eguneko audientzia adina alditan ikustera gonbidatzen gaituzte: 200.000 ikustaldi izaten laguntzea galdegiten digute. "Hondakinen kudeaketa herritar guztion kontua delako. Partekatu!". Bi eguneko tartean, bideoak ia 11.000 ikustaldi izan ditu.

"Ikustezinak ote al gara? Bihozgabeak al zarete?... Ez dugu ulertzen nolatan ez zareten etorri gaurko hitzordura"

GuraSOSek urtarrilaren 4ko Gipuzkoako plazan 12 urteko bi neskatxek foru agintariak agertu ez izanari emandako erantzuna isilarazi duela ETB-k diote. Gonbita luzatua zien GuraSOSek Gipuzkoako foru agintariei baina hitzordura ez ziren agertu. Foru agintariez ari gara. Azken urtean Gipuzkoako hainbat herritar, eragile eta adituek Hitzartu prozesuaren baitan auzolanean landu duten 2019-30 urte arterako hondakinen kudeaketa plana eskura eman nahi zieten. Aipatu moduan ordea, Gipuzkoa plazan, Diputazioaren egoitza atarian egin zuten ekitaldira ez zen agertu herrialde mailako agintaririk. 

"Ez dugu ulertzen nolatan ez zareten etorri gaurko hitzordura", adierazi zien foru agintariei, GuraSOSen ekitaldian zehar hitza hartu zuen haurretako batek. Ez dute ulertzen ezta, azken hiru urteotan foru agintariek haien gurasoekin biltzeari uko egin izana. "Gogor lan egiten ari dira gu babesteko, baina halere mespretxatu egiten dituzu jarrera horrekin", aurpegiratu zien Gipuzkoan agintzen ari direnei.

Eskaera argia helarazi zieten. "Berme Batzordeak berak ere eskatu dizuen bezala, gure gurasoekin bil zaiteztela eta guztien artean itzul diezaguzuela lasaitasuna berreskuratzeko dugun eskubidea". Segidan duzue airearen kutsadura edo erraustegiaren eragin gunean ekoiztutako elikagaietako ingestioa dela eta, arriskupean bizi diren haurrek plazaratu duten adierazpena osorik.

Joxe Mari Izeta: "Haurren babesa bermatzeko benetako plan alternatiboa prestatu dugu"

Ostiral eguerdi honetan GuraSOSek Foru Aldundian Hitzartu plana erregistratu aurretik, taldeko lehendakari Joxe Mari Izetak zioenez, "ez gatoz liskar bila, proposamenak egitera gatoz, urte luze batean egindako lan bat ekartzera gatoz". Argi zioen moduan, "legez eta giza legez agintariei 2016. urtean egitea tokatu arren, egin ez zutena guk egin dugu herritarren bultzadarekin, parte hartze prozesuak eginez. Herritar guztion indarrak batuz, eta haurren babesa, beraien osasuna eta etorkizuna bermatzeko benetako plan alternatibo bat prestatu dugu". 

GuraSOS 2016ko maiatzean jendaurrean aurkeztu zutenetik egin duten moduan, gaurkoan ere haurrak jarri ditu taldeak gai honen erdigunean; haurrak, haien etorkizuna, eta haien osasuna. "Gaurko protagonistak gure haurrak dira. Gu beraien ordezkari naturalak baino ez gara". 

Joseba Belaustegi: "Harrizko horma hauek paperezkoak dira, gizarteak du ateak ireki eta zabaltzeko indarra"

Ekitaldi berean, urtebeteko Hitzartu prozesuak izan duen emaitza praktikoa nabarmendu du GuraSOSen ordezkari Joseba Belaustegik. "Hondakinen kudeaketarako plan bat du gizarteak; irizpide garbi batekin, osasun aldetik babesik handiena duena". 

Gizarteak berea duen ingurumen eta osasuna babesteko GuraSOS Gipuzkoan egiten ari den ahalegina, ez da ahalegin isolatu bat, Belaustegik gogorarazi duenez. AEB, Holanda, Norvegia, Colombia, Australia eta munduko beste hainbat herrialde jarri ditu adibide gisa. Munduko txoko anitzetan, "gure haurrentzako etorkizuna eta ingurumena babestea eskatzen ari dira". 

"Nortzuk daude horren kontra?", galdetzen zuen Belaustegik. Esaterako, erraustegiei oso lotuak dauden petrolio-enpresak. "Plastikoa petrolioa da, plastikoa erretzea komeni zaie". Argi zioen, aurrean "harresi gogorrak ditugu. Entzungorrarenak egiten ari dira, badirudi ez diegula min edo kalterik egiten, gezurra da ordea. Harrizko horma hauek paperezkoak dira, gizarteak du ateak ireki eta zabaltzeko indarra. Gaur haurrek emango dute lehen pausoa". 

https://youtu.be/vAqkuqQIR-I

https://youtu.be/tRCID3Y3h88

ARRISKUPEAN BIZI DIREN HAURREN ADIERAZPENA

Gu, airearen kutsadura edo erraustegiaren eragin gunean ekoiztutako elikagaietako ingestioa dela eta, arriskupean bizi garen haurrak. 

Gogorarazi nahi dugu haurraren eskubideen Konbentzioa giza eskubideetako nazioarteko itun bat dela, zeinen 24 artikuluak gure osasunaren maila goreneko babesa bermatzen digun, poluzioarekin kalteberenak garelako.

Foru-agintariek zuen eskuetan duzuela osasun-arduradunen eta zientzialarien txosten bat ,non gizarteak pentsatzen duena esaten dizuen: jendartearen gehiengoak nabaritzen du eta ez du onartzen erraustegiak eragiten duen arrisku larria.

GALDETZEN DIZUEGU...

Andoain, Lasarte, Usurbil, Zubieta, Añorga, Urnieta, Errekalde, Hernani, Astigarraga, Aiete, Benta Berri, eta abarreko haurrok sentitzen dugun beldurra imajina dezakezue?

Ikustezinak ote al gara?

Bihozgabeak al zarete?

Enpatia eta lankidetza erakusten dizkigute eskolan. Utziko al diozue behingoz,  hauteskundeetan notarik onenak nork ateratzen dituen harropuzteari?

EZ DUGU ULERTZEN...

nolatan gaurko hitzordura etorri ez zareten edo nola den posible hiru urtetan gure gurasoekin elkartzera ukatu izana. Gogor lan egiten ari dira gu babesteko, baina halere mespretxatu egiten dituzu jarrera horrekin. Aldiz, ez duzue inolako arazorik erraustegien elkarteekin biltzeko.

ESKATZEN DIZUEGU...

Berme batzordeak berak ere eskatu dizuen bezala, gure gurasoekin bil zaiteztela eta guztien artean itzul diezaguzuela lasaitasuna berreskuratzeko dugun eskubidea.

 

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA