Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea: "Osasun-arriskua ofizialki onarturikoa baino askoz handiagoa izan daiteke"

Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea: "Osasun-arriskua ofizialki onarturikoa baino askoz handiagoa izan daiteke"

Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak (OEIT) astero sare sozialen bidez artikulu ezberdinak argitaratzeari ekin zion urte amaieran. Eta horretan segitzen du osasun eta medikuntza arloko profesionalen ikerketa taldeak, abiatu berri dugun urte honetan ere. Egunotan, "errausketa eta dioxinak. Konpondu gabeko arazoa" izeneko idatzia argitaratu dute. 

Ondorio benetan kezkagarria plazaratu dute beste behin. Erraustegiak eragin dezakeen "osasun-arriskua ofizialki onarturikoa baino askoz handiagoa izan daiteke, eta beraz, herritarron osasuna ez dago bermatuta". 

Egunotan argitaratu duten dioxinen isurketaren inguruko idatziko baieztapen hau egiteko, duela hamarkada askotatik argitaratu izan diren mundu mailako ikerketa ezberdinen datuetan oinarritzen dira. Segidan duzue OEIT-ren idatzia osorik.

Neurketa ofizialek adierazitakoa baino 460-1290 aldiz altuagoko dioxina isurketak

Adibide gisa jartzen dute, iaz Herbeheretako azken belaunaldiko edo batzuk errauskailu "moderno" deitzen dioten horietako baten inguruan eginiko ikerketa batek zioena. "Honek dio isurketak modu jarraian monitorizatuz gero neurturiko dioxinen isurketa zifrak ofizialki jakinarazitakoak baino 460-1290 aldiz altuagoak direla". Urtebete lehenago errauskailu berean eginiko beste ikerketa batek, "giza-kontsumorako legezkoak ez diren dioxina mailak atzeman zituen errauskailu baten 2 kilometroko erradioan ekoitzitako arrautzetan; inguruko belardietan ere dioxina maila altuak ziren... Belarretan topaturiko dioxinak eta tximiniatik isuritakoak azpitalde berekoak dira, toxikotasunaren jatorria errauskailua dela frogatuz". 

Belgikan 1998an eginiko beste ikerketa batek agerian jarri zuen OEIT-k adierazi duenez, "dioxinen isurketaren estimazioa 15 eguneko etenik gabeko monitorizazioan oinarrituz gero, ohiko neurketa puntualetan oinarrituta baino 30-50 aldiz handiagoa zela". 

Denbora osoaren %0,4an isurtzen dena baino ez da kontrolatzen

Euskal Herrira etorrita, Zabalgarbiko erraustegia jarri dute adibide gisa. "Adierazgarria da Zabalgarbik 10 urtean 35 geldialdi eta bir-hasiera izan dituela. Datu hauek adierazten digutenez, isuritako dioxina kopuru erreala ofizialki jakinarazitakoa baino askoz ere handiagoa dela pentsatzeko arrazoi sendoak daude". 

OEIT-tik argitzen dutenez, "gaur egun egiten diren kontrolen arabera ez dago jakiterik zer dioxina kopuru isurtzen duten erraustegiek martxan dauden denboraren %99,6an". 

Bai Zabalgarbiko zein Zubieta gainean eraikitzen ari diren erraustegien Ingurumen Baimen Bateratuak "dioxinen isurpenaren kontrola hiru hilabetetik behin egin behar dela agintzen dute, 6 eta 8 ordu arteko lagin bilketa burutuz". Baina neurketok egin aurretik, "errausketa planta jakinaren gainean jartzen da. Ezaguna da neurketak aurreabisurik gabe egiten direnean emaitzak oso ezberdinak izan ohi direla. Errauskailua martxan dagoen denbora totalaren %0,4 estaltzen duten neurketetan oinarritutako estimazioek-Foru Aldundiko agintarien ustez kontrol hertsiak liratekeenak-nekez adierazi dezakete zein den isuritako dioxina kopuru erreala". 

AURREKO ARTIKULUAK:

Abortuen %45eko gorakadaz ohartarazten duen azterlana plazaratu du Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak

Azterlan ezberdinen datuak plazaratuko ditu astero, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak

OEIT sarean:

Twitter: https://twitter.com/OEIT_GEIS

Facebook: https://www.facebook.com/OEIT-GEIS-Osasuna-eta-Errausketa-Ikerketa-Taldea-Incineradora-y-salud-GE-1708152362753312/