Babes zabala jaso dute, Sarek larunbaterako deitutako manifestazioek

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 11a, 18:34

Sektore ezberdinek, denetariko eragileek bat egin dute jada larunbaterako Sare herritarrak Bilbon eta Baionan "Orain presoak" aldarripean deitu dituen mobilizazioekin. Deitzaileek berri eman dtuenez, estreinakoz, lehen aldiz, "sindikalgintza osoaren ordezkaritza egongo da" Bilboko manifestazioan. Tartean LAB sindikatua. Abenduaren 20an Usurbilgo Sutegin egin zuen nazio biltzarraren amaieran, ondoko atxikimendu argazkia atera zuen sindikatu abertzaleak frontoian.

"Sindikatuekin batera, Donostiako manifestazioan egin moduan, beste eragile zein alderdi politikoei ere parte hartzera gonbitea luzatzen diegu, guztiok baikara beharrezkoak". Iragarri dutenez, Bilbon izango da Herrialde Katalanetako ordezkaritza politikoa eta "preso diren politikarien senideak" ere.

Herriz herriko atxikimendu ugari batzen ari da Sare. Azken orduotan, Ernai Usurbilen eskutik, ikasleen atxikimendu argazkion berri izan dugu. Bat, Udarregi Ikastolako ikasleena, bestea Usurbil eta Lasarte-Oriako Oriarte Institutukoena.