Gaur ere Joxan Artze, guregan

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 12a, 11:33

Urtea bete da gaur, Joxan Artze zendu zenetik. Baina nola ez, ekainean egin zitzaion herri omenaldiko leloa baliatuz, guregan segitzen du, bizirik, utzi digun ondare aberatsari esker. Gaur urtebete esnarazi gintuen bere heriotzaren albisteak. Berehala josi ziren kaleak, sare sozialak sortzaile usurbildar handia omentzeko hedabideetan. Hitz sentikorrez jositako egun hunkigarriak bizi izan ziren. Egun haietako hitz eta sentipenak NOAUA!ren argitalpen berezi honetan batu genituen:

Joxan Artzeri eskainitako NOAUA! berezia

Herri omenaldi hunkigarria

Bere heriotza izan eta hilabete gutxira osatu zen herritarrez osaturiko batzorde bat, Artzeri merezi bezalako omenaldia antolatzeko. Txalaparta joaz, bere sortze lanak errezitatuz, antzeztuz, abestuz omendu zuen bere sorterriak. Ekainaren 16an izan zen, jendetsua eta hunkigarria suertatu zen omenaldi egun betea. 

Eguerdian ekitaldi ofiziala. Zuaznabartarren txalaparta doinuekin abiatu zen saioa. Yolanda Arrieta eta Ugaitz Agirre idazleek poetaren poema batzuk irakurri zituzten; Ixak Arrutik, Lide Pagolak eta Nora Pagolak kantuz ekarri zuten Artze gogora; Eme taldeak eta Orbeldi Dantza Taldeek performance modukoa osatu zuten; Kantu Taldeak frontoia jarri zuen kantuan... Joxerra Furundarenak antolaketa batzordearen izenean hitz egin zuen. Artze anaien ibilbidea laburbildu zuen eta, urte hasieran zendu bazen ere, Joxan poetak gurekin jarraituko duela adierazi zuen. “Zihardutenean dihardugu”, Artzeren beraren hitzak baliatuz. Arantxa Ansak agurra kantatu ondoren, Xabier Arregi alkateak lore sorta bat eta koadro bat oparitu zizkion Joxan Artzeren alargunari.

Amaieran, Artzeren senideek eta ekitaldian parte hartu zutenek familia-erretratua egin zuten Mikel Laboa plazan.

Txalaparta sentituz

Joxan Artze oroitzeko hamaika une eta aukera izan zuten ekainaren 16ko herri omenaldi handian. Arratsalde partean, txalaparta sentituz urte hasieran zendu zen sortzailearengana hurbiltzeko aukera ederra izan zuten belaunaldi berriek, Olanoenea plazan ospaturiko ekitaldian. Txalapartaren historia ezagutu eta eskuz jotzeko aukera izan zuten eta txalaparta inspirazio iturri gisa baliatuta, txalapartak sentiarazi diena Sutegin ikusgai dauden marrazki bidez adierazten aritu ziren gero. Ekitaldia borobiltzeko, Artzeren poema ezagunak ardatz hartuta, Ixabel Agirresaroberen kontakizun labur eder batez gozatzeko aukera izan zuten Potxoenea ondora hurbildutakoek.

Hitzez 

Joxan Artzek utzi digun ondarea, bere sortze lanak ahotan hartu eta errezitatuz ere omendu zuten iazko urte hasieran zendu zen sortzaile usurbildarra. Inoiz baino gehiago Artzek guregan jarraitzen duela argi utzi zuten, aski hunkigarria izan zen ekitaldian. 

Biziz

Joxan Artzeren lana biziarazi ziguten gauean Orbeldi Dantza Taldeko kideek, dantza, txalaparta, poesia, musika, bertsoak... uztartu zituzten ikuskizun berezi baten bidez.

Herri omenaldiko estekak:

http://www.noaua.eus/2018/06/16/zihardutenean-dihardugu/

http://www.noaua.eus/2018/06/16/hitzez-ere-omendu-dute-joxan-artze-errezitaldi-herrikoi-hunkigarrian/

http://www.noaua.eus/2018/06/16/txalaparta-sentituz-artzerengana-hurbiltzeko-aukera-ederra-izan-dute-belaunaldi-berriek/