Belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa izango du Ugartondoko urbanizazio berriak

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 18a, 18:41

Urruntzen gaituenak baino askoz gehiagok lotzen gaitu. Hurbildu, partekatu, elkarbizi eta elkarrengandik ikasteko asko dugu, eta bide horretan, mugarri garrantzitsua izango da Usurbilgo Udalak ostiral eguerdi honetan Potxoenean aurkeztu duen egitasmoa; Txirikorda izeneko belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa.

Gazteak eta adinekoak bildu eta modu kolektiboan ahaldundu nahi dituen etxebizitza komunitarioa, Ugartondon laster batean eraikitzen hasiko den urbanizazio berrian kokatuko da, Usurbilgo Udalak eremu honetan eskuratuko duen udal ekipamenduan. Hain zuzen, ekipamendu hau zertarako erabili erabakitzeko beharren azterketa bat egin du eta testuinguru horretan jaio da Txirikorda proiektua. Nahi bai baina emantzipatu ezinean dabiltzan gazteei eta konpainia faltan egon edo etxean bizitzeko erosotasun faltan diren adinduei zuzendua.

Hementxe proiektu honen indargune nagusia; bi kolektibo, bi belaunaldion bateratzea, gaurko talde argazkiak islatu duen moduan. Bi belaunaldion bizikidetza sustatu eta bi kolektiboon arteko hartuemanak indartu nahi izatearen borondatearen adierazgarri, proiektuak hartu duen izena; Txirikorda. 

Gazteen emantzipazioa erraztu, zahartzaroari modu kolektiboan aurre egin, gazteak eta adinekoak subjektu aktibo bilakatu, haien autonomiaren lanketa bultzatu edota elkarren arteko zaintza sustatuko du Txirikordak. 

Prozesu parte hartzailea

Proiektuaren izaera bera du egitasmoak jorratuko duen bideak ere; izaera kolektiboa. Txirikordaren  nondik norakoak, hurrengo hilabeteotan garatuko den prozesu parte hartzailean definituko dira.

Bereziki, gazte eta adinduek, hau da egitasmo honen erabiltzaile potenzialek izango dute Txirikordak jorratuko duen bidea definitzeko erantzukizuna. Hiritik At kooperatibak dinamizatuko du prozesua. Guztira bost larunbat goizetan, 10:30-12:30 artean Potxoenean egingo diren saioetan bideratuko da lanketa hau guztia. Hemen egutegia:

-Urtarrilak 26: "Etxebizitzaren izaera orokorra".

-Otsailak 2: "Biztanleak eta sarrera baldintzak".

-Otsailak 16: "Espazioen diseinua".

-Martxoak 23: "Bizikidetza".

-Apirilak 6: "Funtzionamendua".

Egunotan proiektu honen gaineko xehetasun gehiago plazaratzen joango gara.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA