Astelehen honetan, Xabier Iribarren aldeko hileta-elizkizuna

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 21a, 07:18

Astelehen honetan egingo dira, ostiralean zendu zen 60 urteko usurbildarraren aldeko hileta-elizkizuna. Arratsaldeko 19:30etan hasita, Salbatore Deunaren eliz parrokian.

Ez du aurkezpen handirik behar. Nork ez zuen ezagutzen herrian, Xabier Iribar Amigorena. Herriak omendu ostean iritsi da bere heriotzaren albistea. Usurbilgo azken jaietan, Xabi Iribarrek eta bere gaztaingile taldekoek, koadrilakoek izan zuten Santixabelak abiatzeko ohorea. Iribarrek berak piztu zuen Usurbil jai giroan lehertuko zuen suziria.  Jai giroa lehertzeko suzirien beharrik ez zen izan ordea, Xabik girotu zuen herria oso berea zuen deiadar ezagunarekin, "beno usurbildarrok buila pixka bat aterako al dugu?" esanez. "Goitik goitik Usurbil! Gora Santixabelak! Ondo pasa Santixabelak!". Txalo artean hartu zuen noski herriak.  Albiste honi atxikitako bideoan duzue unea. 

Talde solidarioa

Bere koadrila auzolanean ikusi ohi dugu sarritan, herrian antolatu izan diren hamaika ekitaldietan. Haiek ditugu presoen senideentzako nahiz beste hainbat elkartasun ekimenentzat gaztainak errez eta salduz, dirua biltzen aritu den talde solidarioa. Besteak beste, NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko San Tomas Azokan izan ohi ditugu urtero fin asko, goizean goizetik lanean gogor. Gaur kide bat galdu du lagun taldeak, eta baita herriak ere. 

Aipatzekoa urte luzez, besteak beste, Iribarrek Usurbil Kirol Elkartearekin izan zuen lotura, garai bateko senior mutilen taldeetako bat animatuz eta lagunduz, besteak beste.

Adiorik ez Xabi! Besarkada handi bat senide eta lagunei.

Segidan, Xabiri eta bere koadrilakoei, azken Santixabelen bezperatan egin genien elkarrizketa:

"Ezusteko eta poz handia izan da"

Iñaki Astiasuinzarra Irastorza, Xabier Iribar Amigorena, Raimundo Lizarreta Gorriti, Juantxo Esnaola Etxabe eta Ramon Agirre Arruti ditugu lerrootako protagonistak. Lerrootakoak eta abiatzear diren jaietakoak. Santixabelei hasiera emateko suziria haiek jaurtiko baitute gaur (ekainak 28) 19:00etan udaletxetik, 15 urte luzez herriko hainbat ekitaldietan, hainbat eragile laguntzen gaztainak erre eta saltzen aritu den talde solidarioak. Lerrootan elkarrizketatu ditugu.

Herri bozketak erabaki du zuek jaiei hasiera ematea. Errekonozimendu modukoa izango da zuentzat?

Ezusteko eta poz handia izan da. Ez genuen halakorik espero. Guretzako ohore handi bat da herriak gu aukeratu izana. Oraindik are gaztaina gehiago erretzeko gogoa ematen du, dudarik gabe.

Gaztain erretzaile eta saltzaile urte luzez, baina zuena talde solidarioa ere bada. Nolatan hasi zineten jarduera honetan?

Beti izan da talde solidarioa, hasiera hasieratik. Orain 15 urte Irunberriko Ikastolan ekaitza izan eta suntsitua geratu zen. Laguntza eske hasi ziren. Kuadrilan beti komentatzen genuen gaztainak erretzen hasteko ideia. Ikastola honena gertatu zenean orain dugu aukeraesan genuen. Gaztainak egin eta ateratako dirua hara bidaltzea erabaki genuen. Bi danbolina txikirekin hasi ginen. Orain danbolin handi batekin bakarrik ibiltzen gara, nahikoa ematen digulako. Ikusten genuen beste herri batzuetan gaztaina erabiltzen zutela gaztaina festetarako, eta hemen zergatik ez? esan genuen. Usurbilen hasi ginen poliki poliki. Aitzaga Elkartea orduantxe hasi zen Artisautza Azoka antolatzen. Pauso handiena hor eman genuen. Gaztainak Aitzagak ordaintzen zituen, eta aterako dirua helburu solidariora bideratzen zen. Handik urtebetera beste ikastola batentzat dirua bildu genuen. Geroago, herriko presoentzat, erraustegiaren aurkako plataformak antolaturiko ekitaldietan, hemengo ikastolarentzat, gabonetan zaharren egoitzarako.. laguntza biltzen aritu gara. Urtero sei bat saio egiten ditugu, denak solidarioak.

Eta guztiak noski udazken eta negu partean, gaztainak dastatzeko garaian.

Gaztaina genero nahiko ahula da, neguan bakarrik da posible egitea. Halere nahiko komeria badago. Hemengo gaztainekin ezin da egin.

Gaztainak eskuratzeko nola moldatzen zarete orduan?

Kanpoko gaztaina behar du. Gaztaina ona, normalean Galizia aldekoa, Jerte bailarakoa, Avila aldekoa da, baina garestia da. Iaz arazoak izan genituen kanpoko gaztainarekin. Urte hain lehorra izan zen, gaztaina ere oso gogorra etorri zela. Gaztainak erretzen genituen. Erre eta segituan ondo zeuden. Gero segituan ordea, gor gor eginda jartzen ziren. Entzun genuen nonbait, beratzen ere jartzen zituztela. Hala asmatu genuen. Gau osoan gaztainak beratzen utzi eta biharamunean oso ondo zeuden. Gaztaina onenetakoak izan ziren.

Usurbildarrak gaztain zaleak al dira?

Bai. Gaztain zaleak, gehienek bai gustura dastatzen dituzte. Orain badaramatzagu bi urte, Usurbilen gaztainen egun bat antolatzeko ideiarekin bueltaka. Pixkanaka ari gara, baina denbora nahikorik ez dugu. Galizian edo Portugalen zenbait tokitan egiten dute. Halere, hemengo generoarekin nahiko zaila izango dugu. Kanpokoak ekartzeak berriz diru asko eskatzen du.

Gaztainen kultura zabaltzea zenukete helburua.

Bai. Garai batean postreetarako ere erabiltzen zen. Orduan kontserbatzeko beste forma bat izaten zen, belar tartean, lur azpian gordeta baita.

Ostegunean udaletxeko balkoira igoko zarete. Hitza hartzeko aukera izango duzue. Zer esan nahiko zenukete?

Eskertu eta hala segitzeko asmoarekin gabiltzala. Egiten ditugun gauzak egiten ditugula gogotsu eta pozik eta gustura.

Eta lagun artean. Taldea aipatu dugu, baina zuena lagun koadrila da.

Baten bat falta bada, koadrila beti izaten da laguntzeko prest beti.

Nolakoa da zuen jardun egun bat?

Goizean 8:00etan hasten gara. Dena ondo ateratzeko sua ordu horretarako piztu beharra dago. Sua piztu, 8:30ak aldeako gaztainen lehen danbolinkada jartzen dugu. Hiru danbolinkada, gutxi gora behera ordubete bakoitza. 30 kilo gaztain inguru.

15 urteetan une gogoangarri asko biziko zenituzten.

Lehen, borondatea eskatzen genuen. Azkenerako xentimo piloa agertzen zen. Kukurutxo bakoitza 2 eurotan jarri genuenean, orduan ikusi genuen zein zen solidarioa. Bestalde, tabernari hainbaten borondatea eskertu nahi genuke. Edaria emanez lagundu izan digute. Borondatearekin gauza asko lortu litezke.