Feroz Sarietan ikusi zen Aginaga eta "Oreina", gaurtik Ipar Euskal Herriko zine aretoetan

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 21a, 09:35

Astelehen honetatik, Ipar Euskal Herriko zine aretoetan ere ikusgai izango da, 2017ko udazkenean Aginagan, Usurbilen eta Zubietan grabatu zuten "Oreina". Koldo Almandoz zuzendaria Baionan, Donibane Lohitzunen, Donapaleun, Hendaian, Maulen, Donibane Garazin edota Kanbon iragarri diren proiekzioetako aurkezpen eta solasaldietan parte hartzekoa da. 

Gogoan izan bestalde, larunbat gauean estreinakoz, Espainiako zine informatzaileen elkarteak Bilbon, Bilbao Arena Kirol Jauregian banatu zituen 2019ko Feroz Sariak. Feroz Sarietan, film, telesail, zuzendaritza, aktore, gidoi, musika, kartel eta dokumental onenak saritzen dituzte urtero. Sari bereziaren atalean, "Oreina" filma zegoen izendatuen artean, “Con el viento”, “Dhogs”, “El rey” eta “Entre dos aguas” filmekin batera. Azkenean, Isaki Lacuestak zuzenduriko “Entre dos aguas”ek irabazi zuen saria.

Albiste honi atxikitako bideoan duzue, sari emate ekitaldia osorik. "Oreina" filmaren izendapenaren unea, bideoko 6:10:00 aldetik aurrera duzue ikusgai. Itziar Aizpuruk eta Jesus Vidal aktoreek aurkeztu zuten tarte hau. Almandozen ikus-entzunezko honen zenbait irudi ikusi ahal izan ziren; Aginagan, errioan grabaturikoak. "Entre dos aguas" film sarituko ordezkariak. besteak beste, "Oreina" proiektua gauzatu zutenekin partekatu nahi izan zuen saria.

"Oreina"k nazioarteko zinemaldietan presente egoten segiko du; Europako eta Hego Ameriketako hainbat jaialdietan parte hartzekoa da.

Koldo Almandoz: “Aginaga, toki ederra, ingurune berezia iruditzen zitzaidan”

Fitxatua zuen Aginaga, eta errio ingurua. “Toki ederra, ingurune berezia iruditzen zitzaidan”. Koldo Almandoz zinegileak argi zuen hasieratik, egunero kotxez zeharkatzen zuen eremu honetan garatuko zuela bere proiektu berria; “Oreina”. Hala adierazi zuen azaroaren 17an Sutegin, NOAUA!ren Kulturaldiaren baitan antolatu genuen aipatu filmaren proiekzioan. Almandoz zuzendariarekin batera, “Oreina” pelikulako aktoreetako bat, Ramon Agirre ere gonbidatu genuen Sutegira, ikus-entzunezkoaren nondik norakoak azaldu eta kultur etxera bertaraturikoen jakinmina asetzera.

Filmaren kokaleku nagusia hasieratik argi zuen Almandozek. Aginaga, errio ingurua. Argi zuen errio inguruko paisaiak zeuden bezala erakutsi nahi zituela filmean, “filmak sinesgarria izan behar zuen”. Halere, “nire nahia itsusiagoa izatea zen”, zioen Almandozek Sutegin, “Oreinak” Oria inguruaz erakusten duena irudi politegia zela gaineratuta.

Irudiak dira hain zuzen, filmak duen alde ikusgarrienetakoa. Baina Almandozek, inguruko soinu naturalek ere bere protagonismoa izatea bultzatu nahi zuela zioen, “irudietan ikusi behar zenak soinuetan islada izatea”.

Elkarrizketa askorik ez du “Oreina”-k “baina askotan esaten direnak baino egiten direnak erakusten duen filma da” zuzendariaren hitzetan. Ramon Agirre ere ildo beretik mintzatu zen. “Oso film musikala da. Zaratek eta musikak hizketaren pisu berbera dute. Oso ederra da film batean hitzik gabe gauza asko esatean denean”. Filmaren ezaugarri hau aktore eta zuzendariaren arteko harremanaren isla izan dela gaineratu zuen Agirrek. “Gure harremana ere oso hitz gutxikoa izan da, bazen elkar ulertze bat, asko hitz egin gabe”.

Etorkizuneko euskaldunak

Aginagan eta Santuenean ere erreparatu zuen Almandozek, “Oreina” grabatzerakoan. Paisaiaz gain, filmeko istorio eta protagonistak izango zirenengan. “Oso errealite ezberdinak daude hemen. Batetik betidanik, belaunaldiz belaunaldi hemen bizi direnak. Eta bada kanpotik bizitzera etorri den jendea. Urte batzuk daramatzate hemen, seme alabak ikastolara eramaten dituzte. Etorkizuneko euskaldunak haiek izango dira eta film batean erakusten hastea ere garrantzitsua da. Hari horri tiraka hasi nintzen”, zioen Almandozek, “bizitzatik oso gertu zegoen filma izatea” nahi zuela gaineratuta.

Animalia izenak ere ahotan hartu zituzten; filmaren izenburua bera eta Marina basurdearen istorioa. Izenburuari dagokionez, proiektu honetarako “Oreina” hautatu zuen Almandozek, izenburu iradokitzailea izatea nahi baitzuen, ez filma bera laburbilduko zuena. Baina bada bestelako arrazoirik ere. Oreinaren presentzia handiagoa zuen hasieran filmak, oreinaren ehizaldi bat ere grabatu zuten eta, “baina muntaketan kendu zen”. Hori du gustuko Almandozek, film baten ekoizpena aldatzen den prozesuan zehar aldatzen doala ikustea. “Gidoitik ikusi duzuenera askotxo aldatu da”, zioen. Aktoreek ere proposamenak egitea gustuko du, “bakoitzak zerbait gehitu behar dio eta horrek filma aberasten du”. Filmaren hiru amaiera grabatu zituzten, “azkenean geratu dena da filmaketan bertan niri burura etorri zitzaidan amaiera”.

“Oreina”-ko protagonisten artean istorio interesgarria duen Marina izeneko basurde bat ere bada. “Getarian azaldu zen, kostaldetik milia batera igerian harrapatu zuten arrantzale batzuk. Marina izena jarri zioten, eta orain ikusi, zinean lanean dabil”, zioen “Oreina”-ren zuzendariak.

Munduan barrena

Aginagako jaietan eskaini zuten proiekzioan Almandozek hitz eman bezala, bertan grabatutako irudiak mundu osora zabaltzen dabiltza. “Oreina” Sutegin proiektatu genuen egun berean, Alemaniako jaialdi batean ari ziren eskaintzen. Euskal Herri osoan emititu ostean, Latinoamerikako jaialdi ezberdinetara jauzi egitekoa da gainera.