GuraSOSek larunbat eguerdi honetan Donostian iragarri duen otsailaren 23rako mobilizazio handiari begira, hitzordu horretarako hautatu duen lelo bera daraman manifestua ezagutzera eman du; "Esan baietz adostasunari!" izenekoa. Manifestu honen bidez, ahalik eta sektore gehien eta anitzenen atxikimenduak biltzeko kanpaina abiatu du gaur hasi eta datorren hilabetera begira. Kanpainak keinu argi bat sinbolizatzen du; eskuko behatz lodia altxatzen dugunean adierazten dugun adostasunarena.
"Esan baietz adostasunari" kanpainak mezu baikorra, sendoa" helarazi nahi du. Adostasunarekin eta Gipuzkoako demokraziaren kalitatea hobetzeko nahiz Gipuzkoa gatazkatsutik Gipuzkoa eraikitzaile, baikor eta kolaboratibora igarotzeko guztion inplikazioarekin identifikatuko den mezua izan nahi du.
Adostasunaren keinu hori egitera animatu gaituzte gaur hasi eta datorren hilabetean zehar. Agerraldian parte hartu duten Gipuzkoako sektore ezberdinetako ordezkariek manifestu hau hezkuntza, osasuna, ekonomia, kultura, kirola, ekologia, eta oro har, gizarte eragileen artean zabaldu eta babesa lortzeko konpromisoa erdietsi dute. Gizarteak oro har kanpaina honetan parte hartzeko aukera ere izango du. Lantokietan, familian, lagun artean bildu, banakako nahiz taldeko argazkiak atera eta GuraSOSen web orrialdera helaraztea proposatu dute. Bildutako atxikimendu guztiokin mosaiko erraldoi bat osatuko dute gero, manifestazio handia iragartzeko.
Elkarlanerako deia agintariei
3 puntu nagusi biltzen ditu manifestuak; batetik, aipatu moduan, otsailaren 23ko manifestazioarekin bat egitea galdegiten du. Bestetik, 2018an zehar GuraSOSek abian izan duen Hitzartu prozesuaren baitan osaturiko Berme Batzordeak eskatutakoa babestea; Ahaldun Nagusia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea Hitzartuko ordezkariekin bil daitezela alegia, aipatu prozesuko emaitzak aztertu eta elkarlanerako bideak zabal ditzatela baita. Eta horretarako, erraustegia sustatzen duen Foru Aldundiaren Hiri Hondakinen Kudeaketa Planaren eztabaida eta martxoaren 6ko onarpena geldiaraztea. Segidan duzue gaur aurkeztu duten manifestua osorik: