Kiroldegiko igerilekua, sakoneko berritze lan betean

Kiroldegiko igerilekua, sakoneko berritze lan betean

Oiardo Kiroldegira sartzean, igerilekura ematen duen aldea horma batek estaltzen du joan den urritik. Hormas bestalde, etenik gabe lanean dabiltza, igerilekuen eremua sakonetik eraberritzen. Egunerokoan ezin da bertan egiten ari diren lanen gaineko jarraipena egin. Asteazken honetan salbuspentxo bat egin digute.

Horma hau zeharkatzeko aukera izan dugu asteazken honetan Usurbilgo Udalak antolatu duen bisita gidatuari esker. Obra zuzendaritzako eta enpresa eraikitzaileko ordezkariak bidelagun izan ditugun bisitan zehar, urrian abiatu zituzten lanak zertan diren eta egin asmo dutena azaldu digute. 

Lehen inpresioa; lanak ez dira amaitu oraindik, baina jada nabarmen itxuraldatua dago Oiardo Kiroldegiko igerilekuen eremua.

Hasteko, data bat aipatu behar; urrian abiatu zituzten lanok "martxa normalean doaz" Udaletik diotenez. Obra Zuzendaritzak eta enpresa eraikitzaileak Udalari jakinarazitakoaren arabera honenbestez, aurreikusitako epearen baitan, apirila alderako amaituak egotea aurreikusten da. 

Azalekoa eta azpialdea berritzen

Igerilekuen gunea nabarmen itxuraldatua dagoela esan dezakegu, baina Udaletik azpimarratu duten moduan, itxuraldaketa soil bat baino askoz sakonagoa da bertan gauzatzen ari diren egitasmoa. Batetik, igerileku txikia handituko dute. Kafetegi edo Kiroldegi sarreraren eremuko zati bat baliatuko da horretarako. Etorkizunean, 0,75 metrotik hasi eta 1,2 metrorainoko sakonera izango du. Handitzearekin batera, lehen zeuden oztopo arkitektonikoak ezabatuko dituzte eta irisgarri bilakatuko dute igerileku txiki handitua.

Asteazken honetan begi bistan izan ditugun igerilekuen alderdi ezkutua ere, zaharkituak zeuden azpiegiturak ere berritzen ari dira; besteak beste, uraren filtrazio eta klimatizazio sistemak.

Igerilekuko baldintzak hobetzeak, gainean duten eskubaloi eta bestelako kirol jarduera hainbaten pistan hoberako eragitea aurreikusten du Udalak. Orain arte bertan pilatzen zen beroa hainbestekoa ez izatea, tenperatura baldintzak hobetzea espero dute.  

Hobekuntza proiektu zabalagoaren baitan

Martxan diren lanok ez dira Udalak Kiroldegian egin asmo dituen hobekuntza puntualak. Eraberritze eta hobetze proiektu zabalago baten baitan kokatuak daude. Egitasmo horretako lehen fasea litzateke honakoa. Etorkizunean, zehazteke dago noiz, balizko bigarren fase batean, Kiroldegiko eraikin osoaren irisgarritasun baldintzak hobetu nahi dituzte. Hirugarren fasean aforoari dagozkion hobekuntzak bideratuko lituzkete eta laugarrenan, egun berritzen ari diren igerilekuen eremua uda garaian kanpoko erabilerarako baliatzeko lanak egitea litzateke asmoa. Horri begira, igerileku handia inguratzen duten leihoak handitzen ari dira. Horri esker, argitasun handiagoa izango du eremuak.

ZENBAIT DATU

Obren hasiera: 2018ko urria.

Obren bukaera (aurreikuspena): 2019ko apirila.

Aurrekontua: 760.000 euro inguru (Foru Aldundiaren 250.000 euroko diru-laguntza).

Lanok bideratzen ari den enpresa: Mariezcurrena.

Lanen xehetasunak: igerileku txikia handitu eta irisgarri bihurtzea. Igerilekuko instalakuntzen eta azpiegituren eraberritzea.

Proiektuaren sustatzailea: Usurbilgo Udala.

Laguntzailea: Gipuzkoako Foru Aldundia.