Ezohiko mugimendua egunotan Txokoalden. Film berri bat grabatzen ari dira Torrea eraikinean. Ostegun goiz honetan bertaratu garenean, Portu baserriaren atarian, Txokoaldera garraiatutako garai bateko ondoko autobus zaharra aparkatu nahian zebiltzan. Kamioi ugari aparkatuta baita, Zumeta jatetxe ingurutik hasi eta Kentuene pareraino.
Eta filmaketaren zero gunea, Torrea eraikina. Hortxe ari dira grabatzen, "Ventajas de viajar en tren" estatu espainiarreko aktore oso ezagun ugari parte hartzen ari den filma. Antonio Orejudoren izen bereko liburuan oinarritua dago, Aritz Moreno (Donostia, 1980) zuzentzen ari den filma. Estreinako luzemetraia du.
Estreinako luzemetraia
Zuzendaria eskualdeari lotua dago, Andoaingo Bideo eta Zine Eskolan ikasitakoa baita. 2004an zuzendu zuen bere lehen laburmetraia, "Portal mortal". Bideoklipak, laburmetraiak, denetariko ikus-entzunezko proiektuak gauzatu ditu. Maiz saritu dute. Egunotan Txokoalden grabatzen ari diren estreinako luzemetrai hau udazkenerako amaitzea aurreikusten dute, Gipuzkoa eta Nafarroako beste hainbat txokotan filmatu ostean.
Urte eta erdiko tartean bigarrenez hautatu dute ingurune hau film bat grabatzeko. 2017ko udazkenean, gogoan izan, "Oreina" grabatu zuten Aginaga eta Usurbil artean.
FILMAREN XEHETASUNAK
Izenburua: "Ventajas de viajar en tren".
Ekoizpen urtea: 2019.
Zuzendaria: Aritz Moreno (Donostia, 1980).
Aktoreak: Luis Tosar, Pilar Castro, Ernesto Alterio, Quim Gutierrez, Belen Cuesta, Macarena Garcia, Javier Botet, Javier Godino, Gilbert Melki, Ramon Barea, Antonio de la Torre, Ingrid Garcia Jonsson, Daniel Horvath.
Generoa: intriga.
Sinopsia: "Senarrak burua erabat nahastua duela jabetu ostean, Helga Pato editore literarioa senarra psikiatriko batean ospitaleratu beharrean aurkitzen da. Trenez egiten duen itzulerako bidaian, ezezagun batek, bidaia girotzeko, "Nire bizitza azaltzea gustatuko litzaizuke?" galdetzen dio. Bera Angel Sanagustin da, klinika berean lan egiten duen psikiatra. Gaixoen idatzi eta kontakizunen bidez nortasun arazoak ikertzen ditu. Angelek inoiz kudeatu behar izan duen kasu kliniko bitxi eta okerrena kontatzen dio. Beste gauza askoren artean, zaborrarekin obsesionatua dagoen gaixo parainoko oso arriskutsua den Martin Urales de Ubedarena".