TOKIKOM: "GARAri ezarritako zor horren bidegabekeria publikoki salatu nahi dugu"

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 31a, 13:38

Euskal prentsaren aurkako azken erasoa salatu eta elkartasuna adierazteko orduak ditugu honako hauek.  NOAUA! eta Euskal Herriko tokiko beste 65 hedabide biltzen dituen TOKIKOM-ek GARAri ezarri zaion Eginen zor bidegabea salatu du ohar bidez, GARA-ko kideei elkartasuna adieraztearekin batera. Segidan duzue TOKIKOM-en oharra osorik:

GARA eta lan-taldearekin elkartasuna

Atzokoak egun alaia izan behar zuen GARA egunkariko lankideentzat. Hogei urte bete ziren lehen zenbakia argitaratu zutenetik, eta ospatzeko moduko lorpen handia da hori, batez ere komunikabideentzat bizi dugun aro zail honetan.

Aitzitik, poztasun zantzurik ez genuen sumatu GARAren arduradunek egunkariaren urteurrenean egindako agerraldian: erredakzioa hutsik eta erdi ilunpetan zegoela, datozen urteotan hiru milioi eurotik gora ordaintzera derrigortuta daudela azaldu zuten, zer eta Espainiako justiziak berak legez kanpokotzat jotako EGIN egunkariaren itxieraren ondorioak ordaintzeko.

Lerro xume hauen bidez, Euskal Herri osoko 66 toki komunikabide batzen dituen TOKIKOMetik GARAri ezarritako zor horren bidegabekeria publikoki salatu nahi dugu, komunikazio proiektuaren bideragarritasuna kolokan jarriz prentsa askatasuna eta aniztasuna ere kaltetzen dituelako, eta elkartasuna adierazi nahi diogu GARAren lan-talde osoari. Toki komunikabideetan oso jabe gara prentsa aniztasunak duen garrantziaz, eta haren alde diharduenak ondoan izango gaitu.

Bilbon, 2019ko urtarrilaren 31n

Erasoa eta lapurreta

Gogoan izan, 20 urte bete zituen GARAk asteazkenean. Gazitik gozotik baino gehiago izan zuen urtemuga. Aipatu egunkariko zuzendaritzak "Egin"en zorrari aurre egiteko Gizarte Segurantzarekin aurrekordio batera heldu dela berri eman zuen agerraldi bidez. 

"Egin"ek Gizarte Segurantzarekin zuen 4,7 milioi euroko zorra GARAri egotzi zion 2003an, beste hedabide bat, Euskaldunon Egunkaria itxi berritan. "Euskal prentsaren aurkako eraso bateratua izan zen", GARA-ren zuzendaritzak gaur agerraldi bidez oroitarazi duenez. 2009an Espainiako Auzitegi Gorenak Eginen itxiera legez kanpokoa zela aitortu arren, zor horrek hor egoten segi du gaur arte. GARA, "milaka pertsonaren ekarpenari esker lortutako kapital berria, lantalde berria eta proiektu berria izan arren, “enpresen ondorengotza ideologikoa” ezarri ziguten eta zorra leporatu".

Guztiz bidegabetzat jotzen duten zorra. "Justizia espainiarrak ilegalki itxi zuen, bere arduradunak espetxean eta baldintza izugarrietan izan zituen denbora ikaragarri luzez, ondoren bere ondarea suntsitu egin zuen eta gure bila etortzea erabaki zuen".

Gara egunkariak 20 urte bete dituen egun honetan, aipatu egunkariko zuzendaritzak "Egin"en zorrari aurre egiteko Gizarte Segurantzarekin aurrekordio batera heldu dela berri eman du. 

Laguntzarako deia

Aurreakordio honen testuinguruan eta egunkariak 20 urte bete dituen asteazken honetan, ondoko adierazpena plazaratu dute. Hitz gutxitan laburbilduz, bizi duten egoera modu honetan laburbildu dute: "Lapurreta bat eta eraso bat prentsa askatasunari". 

Testuinguru honetan, solaskidetzarako bidea zabaldudko dute, eragile, erakunde eta gizarte zibilarekin. Horrekin batera, "barne gogoeta bati ere ekin diogu, kolpe honi nola aurre egin hausnartzeko". Iragarri dutenez, "bitartekoak jarriko ditugu eraso honen aurrean laguntza eraginkor bat bideratzeko eta elkartasuna egituratzeko". Horretarako, "etorkizunera begiratzeko, eskatzen dugu zuen laguntza". Babesa, bai euskal erakundeei eta laguntza gizarteari.

Konponbide honetan lagundu duten guztiak eskertu nahi izan dituzte. "Oraindik beraien babesa behar dugu zoritxarreko gertakari hau ixteko", gogorarazi dute.

Honatx urtarrilaren 31ko GARAren zuri beltzeko azal berezia: