Agate Deunaren bezperako kantu saioa, ETB-ren igandeko "Hitzetik Hortzera" saioan

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 8a, 08:55

"Igandeko (otsailak 10) programan herrietako ohiturei kantatuko diegu", hala iragarri du Euskal Telebistako Hitzetik Hortzera bertso saio ezagunak. Iganderoko hitzorduaren baitan, etzi, besteak beste, otsailaren 4an, Agate Deunaren bezperan Kantu Taldeak eta Gure Pakea Elkarteak antolatuta, Usurbilen barrena ospatu zen kantu-jira erakutsiko digu saioak. "Usurbilgo santa eskean izan gara eta hango bertsoaldi onenak ekarriko ditugu pantailara". Astelehenean Usurbilen ospaturiko ekitaldiko irudi eta ahotsak beraz, igandean (otsailak 10) Euskal Telebistako Hitzetik Hortzeran ikusi eta entzun ahalko ditugu; arratsaldeko 15:00etan hasita, ETB 1-en.  Informazio gehiagorako: eitb.eus

Kantu-jira bart

Euskarak batzen bagaitu, pentsa euskaraz kantuan aritzeak. Agate Deuna egunaren bezperako ospakizunek, Kantu Taldea eta Gure Pakea Elkartea elkartu zituzten otsailaren 4an. Jubilatu Astearen abiapuntua izan zen, astelehen iluntzean egin zuten kantu-jira berezia. Horregatik hasi zuten ekitaldia Artzabalgo ganbaran. Gero herrian barrena kalejiran irten ziren, Usurbilgo txistulariak eta hiru bertsolari bidelagun zituztela; Beñat Iguaran, Oier Iurramendi eta Aitor Agirre usurbildarra.