Agurtzane Solaberrieta Mesa, maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako Usurbilgo EHBilduren alkategaia

Agurtzane Solaberrieta Mesa, maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako Usurbilgo EHBilduren alkategaia

Agurtzane Solaberrieta Mesa izango da Usurbilgo EHBilduren hautagaia, datozen maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako.

Larunbat eguerdi honetan eman dute ezagutzera alkategaia nor izango den, goizean zehar aipatu hautagaitza berretsi eta herri programa lantzeko EHBilduk Potxoenean deitua zuen herri batzarraren ostean.

Egungo EHBilduko alkate Xabier Arregik aurkeztu du hurrengo hauteskundeetarako alkategaia, “oso pertsona jantzia eta prestatua lan horretarako”. Kazetaritzan lizentziatua da Solaberrieta Euskal Herriko Unibertsitatean. Kazetari gisa lan egindakoa NOAUA!n eta Berria egunkarian. Herri bizitzan hamaika ekimenetan parte harturikoa; EHE, NOAUA! K.E., ezker independentismoa, Gure Esku Dago... “herri eragile oso bizia eta prestatua. Horrek guztiak eman dion ibilbide oparoak egiten du Agurtzane guretzat hautagai ezinhobea izatea”.

Emankortzat jo du Solaberrietak datozen lau urteotan jorratuko duen bidea eta horretan, bidelagun izango dituela adierazi dio Arregik. Solaberrieta zoriontzearekin batera Usurbil ere zoriondu du egungo alkateak, “Usurbilgo EHBilduk hautagai oso oso ona aurkeztu digulako”.

"Egiten duguna gara"

Egungo alkatearen lekukoa ohore eta errespetu gisa jasotzen duela adierazi du alkategai berriak. "Oso altu jarri du langa Xabik. Alimaleko alkatea izan da". Eskerrak helarazi nahi izan dizkio egungo Udaleko komunikazio arduradunak, alkateari eta udal gobernu taldeari. "Asko ikasi dut zuekin", adierazi die. 

Erronka berriari ilusioz, gogotsu eta erantzukizunez ekingo diola iragarri du. Berarentzat bat eginda dauden hautu pertsonal eta politikoaren bueltan, "konpromiso kolektiboari" emanda garatu duen bidean sakontzeko asmoz, proiektu bereko parte eta kide sentitzen direnez inguratua. "Ez naiz lemazain sentitzen. Lema hemen dago", zioen herri-progama osatzen aritu direnak seinalatuz. "Berriro ere frogatu ahal izan dut lantalde honen maria zein aberatsa eta askotarikoa izan den". 

"Elkarrekin burujabe"

Lelo honekin aurkeztu du EHBilduren alkategaiak, 2019-23 legegaldiko "azala eta mamia". "Burujabetza agenda politikoaren erdigunean dago", zioen Potxoenean alkategai berriak. EHBilduk sustatu nahi duen Euskal Herria burujabe izateko prozesuari "uste dugu herrietatik ere egin diezaiokegula ekarpenik". 

Hurrengo lau urteotarako herri-programa burujabetza prozesu horretan sakontzeko bitarteko gisa aurkeztu du, "egitasmo burujabe eta aitzindarien bidez, herri eta pertsona bezala ahalduntzeko tresna" moduan. 

Elikadura, lurralde, gorputz, energia... burujabetasunerantz, "ariketa hauek elkarrekin egin nahi ditugu. Usurbilen osatzen duten herri/auzo guztiekin eta herritar ororekin". Besteak beste, herrian falta direnekin. Patxi, Olatz eta Xuaren etxeratzea eskatzeko baliatu du tarte hau.

Herri-nortasun, eredu jasangarria eta ongizartea

2021ean Usurbil Donostiatik bereizi eta burujabe izatea erabaki zuenetik 650 urte dira. Ia 650 urte beranduago, Usurbil bi aukeren arteko lehian bizi dela azpimarratu du, "Donostialdean kaiolatu eta praktikan Donostiako auzo bihurtu edo herri-nortasunari eutsi, izaera propioa zainduz eta indartuz". Horregatik, Solaberrietak zioenez, "asmatu behar dugu gure baloreei eta izaerari eusten, Donostiak irentsi ez gaitzan". 

Herri burujabea izan eta "gure burua babesteko", azken urteoon ildo beretik, hiru arreta gune nagusi eta ehunetik gora proposamen ditu EHBilduren herri programak hurrengo legealdirako: herri-nortasuna, herri-eredu jasangarria eta ongizartea. "Hiru esparru horiek elkar-elikatu egiten dute, eta osotasuna ematen gure herri-ikuskerari". 

Eskuartean duten proiektuaren erdigunean, "bizitzak, pertsonak, usurbildarrak daude, eta horren bueltan eraiki nahi dugu gure herri-proiektua”. Etorkizuneko Usurbil marraztu nahi izan du. “Bazterketarik gabe eta askatasunez bizi ahal izango den Usurbil jasangarria eta bizigarria zerumugan, ingurumenarekin harmonian biziko dena, herri/auzoen nortasuna errespetatzen duena, herritar eleaniztunez osatua, eta bizikidetza eta kultura-aberastasuna oinarri, euskaraz biziko dena”.

Elkar ezagutzeko guneak

Migrazio politika egokiak garatzeko beharra azpimarratu du. “60. hamarkadan Espainiatik etorritako migrazio uholdearekin egindako kudeaketa txarra ezin dugu errepikatu”.

Oraindik ere honen ondorioak pairatzen ari garela ohartarazita, "ezin ditugu berriz ere bloke hermetikoak sortu; auzoak getifikatu, marjinatu. Usurbilen ere badugu horren arriskurik, esku hartzen ez badugu". Zentzu horretan, gogorarazi duenez, “erabat euskal kulturatik kanpo eta euskalduntasunetik kanpo dagoen komunitate bat egon badago Usurbilen. Eta horiek ere herriaren parte dira. Banderizoak baztertu, eta ñabardurei eta parpaila finei jarri behar diegu arreta”.

Eremu honetan, hurrengo urteotan jorratu beharreko bidea marraztu du. "Mamuak, estigmak, mehatxuak ahaztu, eta elkar ezagutzeko guneak sortu behar ditugu". Elkarbizitza horren muinean euskara eta euskal kultura kokatu ditu, kohesiorako elementu gisa.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA