Nataliren bideoklip berria grabatu dute Aginagan

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 9a, 12:30

Aginagako Eliza Zaharraren buelta grabazio gunean bilakatu du larunbat goizean Natali musika taldeak. Natali Izagirrek, Ixak Arrutik, Olaia Inziartek, Gorka Mendizabalek eta Andres Insuak sortutako "Zerbait aldatzera doa" abestiaren bideoklipa grabatzen aritu dira elizaren bueltan eta azken urteotan auzolanean eraberritu eta kultur gune gisa dinamizatzen ari diren eraikin barruan. 

Diska eta bira, ate joka

Abesti gehiagoren zatitxoak ere aurreratzen ari dira azken aldian, taldeak Facebook-en eta Instagramen duen kontuetan. Kanta guztiok lan berri batean plazaratuko Natalik. "Laister jakinaraziko dizuegu diska noiz kaleratuko den!!", iragarri dute. Irailean grabatu zuten estreinako diska Andoaingo Garate Studioetan, Kaki Arkarazo teknikari eta produktore lanetan zela. "Diska entzuten duen orok, musika estilo ezberdinetan barrena eramango du, istorio eta sentimenduz beteriko abentura bat lez", dio Natalik.

Martxorako "Garena Tour" kontzertu bira iragarri du Natalik; martxoaren 12an, Gasteizko Parral tabernan eskainiko dute kontzertua, martxoaren 23an Iruñako Garazi tabernan eta martxoaren 30ean Antiguako Doka Kafe antzokian. 

Boskotea

2017ko udan sortutako Natali taldea, Natali Izagirrek, Ixak Arrutik, Olaia Inziartek, Gorka Mendizabalek eta Andres Insuak osatzen dute. Pixkanaka osatu dute taldea. Natalik bi urtez AEB-tan barrena bidaiatu ondoren, "bere ezinegonak azaleratu nahian, Ixak Arruti usurbildarrarekin elkartu eta proiektu berri honi hasiera eman zion. Bakoitzak bere ibilbidean ikasitakoak elkarbanatuz, estilo ezberdinetako kantu bilduma osatu zuten. Horrela, "Iparrorratzik gabe" kantua kaleratu zuten 2018ko otsailean".

Gerora batu ziren beste hiru kide. "Proiektuari bultzada eta osotasuna emateko asmoz, Gorka Mendizabal, zarauztarra; Andres Insua, patagoniarra; eta Olaia Inziarte, oronoztarrarekin batera taldea osatu zuten. Bost unibertso hauen leherketatik dator NATALIren esentzia".

Informazio gehiago:

natalimusika.com

natalitaldea@gmail.com

https://www.instagram.com/natalizagirre/

https://www.youtube.com/channel/UCnWxy89PjUUwQ4ADujMaRSA

https://www.facebook.com/natalitaldea/