Otsailaren 23ko manifestaziorako adostasunaren aldeko olatua handitzen doa

Otsailaren 23ko manifestaziorako adostasunaren aldeko olatua handitzen doa

GuraSOSek orain arte ezkutuan zen Zubietako erraustegiaren kontratua ezagutzera eman zuen igande eguerdian, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean egin zuen ekitaldian. Hitzordua bera, otsailaren 23rako adostasunaren alde Donostian (17:00, Antiguako tuneletik) deitua duten manifestazioarekin bat egiteko ere baliatu zuen GuraSOSek. 

Gogoan izan, abian duela, bi aste barruko mobilizazio handiari babesa emateko atxikimendu bilketa kanpaina. Adostasunaren keinua eginez, lantokietan, lagun artean, familian... argazkiak atera eta GuraSOSi (gurasos.org web orrialdera) helarazteko deia egina dute. Aipatu web orrialdean sartzen bazarete, oso modu erraz eta praktikoan igo ditzakezue argazkiak. Argazkia ze herritatik bidaltzen duzuen eta zer argazki mota den zehaztu eta  argazkia erantsi, hortxe egin beharrekoa. Dagoeneko argazki mordoa ari da biltzen guraso taldea, web orrialdean bertan dituzue ikusgai. Handitzen doan adostasunaren aldeko olatu erraldoi horretako argazki bildumara batuko da orain, igande eguerdiko Lasarteko ekitaldira bertaraturikoek hitzorduaren amaieran talde irudi erraldoia.

"Amesgaiztotik esnatu!"

Talde argazkia ateratzearekin batera, otsailaren 23ko mobilizazioari begira, albiste honi atxikitako bideoa ere aurkeztu zuen GuraSOSek igandean Lasarten. Aire garbia arnastu ezin duten maskaradun haurrak ageri dira eguneroko bizimoduan; maskarekin bazkaltzen, ikastolan, kalean... Ama baten amesgaiztoa da guztia. Amesgaiztotik esnatu eta berehala doa lotan den semearengana. Eta segidan, honako hitzak entzun daitezke. "Akordioa da soilik etorkizun osasuntsu eta demokratikoaren bermea. Denen artean Gipuzkoa osasuntsuago baten alde, esan baietz adostasunari, osasunari", otsailaren 23ko manifestazioan parte hartzeko gonbita luzatzearekin batera. 

https://youtu.be/n-zimmaLGeQ